Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmakologia Saileko talde baten ikerketa batek antipsikotikoek ahoan eragiten dituzten kontrako erreakzioak ikertu ditu, eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen aho-hortzetako osasuna zaintzeko beharra ondorioztatu du.
Europako farmakozaintzako datu-base bat den EudraVigilance-ren datuekin egin dute ikerketa, eta egiaztatu dute botika antipsikotikoak hartzeak sortzen dituen arazoak, hala nola listu-fluxuaren nahasmenduak (gehiegizko listu-jarioa eta aho lehorra, adibidez), eta baita ahoaren hanturarekin eta hortz-haginen galerarekin ere.
Ikerketaren arabera, gaixotasun mentalak dituzten pertsonek arrisku handiagoa dute gaixotasun sistemikoak izateko, eta alterazio neuropsikiatrikoak aho-hortzen osasun txarrarekin lotuta daude. Azken urteotan, ordea, gero eta interes handiagoa piztu da osasun mentaleko asaldurak dituzten pertsonen aho-hortzetako egoerarekiko, egoera fisikoan eta psikikoan duten eraginagatik.
Batez ere eskizofrenia tratatzeko erabiltzen diren farmako antipsikotikoen albo-ondorioak asko ikertu diren arren, gutxi ikertu da, orain arte, aho-hortzetako osasunean duten eragina.
IKERKETA
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko ikertzaileek eskizofrenia duten pertsonen aho-osasuna ikertu dute. Europako farmakozaintzako EudraVigilance datu-basea erabiliz, 5.633 jakinarazpen aztertu dituzte, "botika antipsikotikoen balizko ondorio kaltegarrien berri ematen zutenak", azpimarratu du ikertzaileak.