Pediatriako erizainek Barakaldoko Zaballako Osasun Zentroan haurrendako elikadura osagarriari buruzko tailerrak eman dizkie 5 eta 7 hilabete bitarteko bularreko haurrak dituzten 200 familia baino gehiagori, esneaz gain, elikagaiak ematen hasteari buruzko jarraibideak emanez.

Osakidetzak azaldu duenez, bi orduko saioak izaten dira, eta horietan, elikadura osagarriarekin noiz eta nola hasteko jarraibideak ematen dira. Teknika profesional ezberdinei buruzko informazioa ematen dute: teknika tradizionala, Baby-Led Weaning (BLW) edo mistoa, familiek hobekien datorkiena aukera dezaten. Jaterakoan eztarrian elikagaien bat trabatuz gero egin beharreko maniobrak azaltzen dituzte ere, eta panpinekin praktikatzeko aukera dago.

Edukiak etengabe eguneratzen dira, tailerretara bertaratutako pertsonek proposatutako iradokizunetan oinarrituta. Horren adibide da elikadura osagarri begetarianoari buruzko informazioa gehitzea, gurasoek hala eskatuz gero.

OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEA

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) elikadura osagarriari ekiteko gomendioari jarraituz, 2023an hasi ziren Zaballako osasun zentroko pediatriako erizainak tailer hauekin. Izan zuen arrakastagatik, 2024ko irailean tailerren eskaintza zabaldu zen Barakaldo-Sestao ESIko osasun-zentro guztietako familiak gonbidatuz, eta ordutik elikadura osagarriko 12 tailer egin dira, guztira 200 pertsona bertaratuz. Orain, Osakidetza, tailer hauek Barakaldoko eta Sestaoko beste osasun zentro batzuetan emateko lanean ari da, ondorioztatu dute.