Onkologikoa osasun zentroa ekainaren 30ean integratuko da organikoki eta funtzionalki Osakidetza euskal osasun zerbitzuan, titulartasun publikoko baliabide gisa.

Hala iragarri du astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian Alberto Martinez Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Lore Bilbao Osasun Administrazio eta Finantzaketako sailburuordea ere izan da bertan.

Martinezek azpimarratu du Onkologikoa Osakidetzan integratzeak eta 2027an protonterapia zentroa abiatzeak onkologia arloko erreferentziako mugaz gaindiko zentro bihurtuko dutela Donostia Unibertsitate Ospitalea Euskadin eta Europan.

"Helburua da osasun zentroak asistentzia ematea Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Iparraldeari Beraz, herri proiektu bat da. Kalkulatzen dugu 2027rako lehenengo pazienteak tratatu ahal izango direla, eta, gainera, Estatuko lehenak izango direla" iragarri du.

Onarpen prozeduraren azken fasean dagoen dekretuak xedatzen duenaren arabera, Osakidetzak subrogatu egingo ditu Onkologikoan lan egiten duten eta Donostialdeko ESIari atxikita geratuko diren langile sanitarioen eta ez-sanitarioen eskubideak eta betebeharrak (gaur egun 297 dira, eta horietatik 232 finkoak).

Osasun zentroan integratzen den unean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio eremuaren barruko lan kontratu batean gauzatuko da hori guztia. Integraziotik kanpo geratuko dira, berariaz, hitzarmen kolektibotik kanpo dauden banakako akordioei lotutako langileak eta goi zuzendaritzako kontratuei lotutakoak.

Horrela, "konplexutasun juridiko handiko" prozesu bati amaiera eman zaio dekretuaren bidez. Donostialdeko ESIko profesionalei entzuteko prozesu bat aktibatu ondoren hasi zuen Osasun Sailak dekretua izapidetzeko prozesua 2024ko urrian.

Euskadin onkologiako erreferentzia zentro bat izateko proiektuaren azken helbururako antolaketa eredurik egokiena definitzea izan da xedea, eta horrek ekarri du zentro onkologiko monografiko baten erreferentzia kentzea.

"Prozesu konplexu bati buruz ari gara, administrazioaren, zuzenbidearen eta lanaren ikuspegitik. Hala ere, azken emaitzak aukera emango du garapen sanitarioaren horizontea irekitzeko, euskal gizarte osoarentzat eragin positiboa izango duena eta Euskadi onkologiaren arloan nazioartean kokatzeko aukera emango duena", adierazi du Osasun sailburuak.