Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak New Medical Economics aldizkariaren saria jaso du, pazienteen esperientzian jardunbide onena izateagatik. Zehazki, ESIan 2013tik egiten den Prozesu asistentzialen hobekuntzan pazienteen eta senideen esperientzia txertatzeko estrategia aitortu du sariak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jakinarazi dutenez, 'New Medical Economics' osasun alorreko ospe handiko aldizkaria da, eta urtero aintzatesten ditu osasun erakundeen eta profesionalen merezimenduak.

Bada, orain, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren 'Prozesu asistentzialen hobekuntzan pazienteen eta senideen esperientzia txertatzeko estrategia' saritu du. Horren baitan, pazienteen esperientzia tresnak baliatzen dira 21 patologia edo ibilbide asistentzialetan, hala nola iktus, bularreko minbizia, hesteetako gaixotasun inflamatorioa, bronkiolitis, laguntza bidezko ugalketa, prostatako minbizi lokalizatua, erredura handiak, fibrosi kistiko pediatrikoa, etxeko ospitalizazioa, COVID-19ko pazienteak, COVID-19ko paziente diren profesionalak, belauneko artrosia, esklerosi anizkoitza edota Parkinson.

Estrategiaren helburua da aurrera egitea osasunaren garrantzia nabarmentzeko bidean. Horretarako, funtsezkoa da pazienteei benetan ardura zaiena identifikatzea eta jakitea zeintzuk diren haien benetako beharrak, ekintzak eredu asistentziala eraldatzera bidera daitezen.

Estrategia ezarri denetik, 214 paziente-laguntzaile baino gehiagori eman zaie ahotsa, eta horri esker hobetu beharreko 386 alderdi baino gehiago identifikatu dira. Hala, komunikazioa eta prozesu asistentziala hobetu dira, espazio humanizatuagoak sortu dira, lankidetza akordioak lortu dira askotariko elkarteekin eta humanizazio proiektuak egin dira kanpoko eragileekin.