Osakidetzak 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa egin du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko harrera eta informazio eremua osorik eraberritzeko. Instalazio berrien bidez, egunero Bizkaiko erietxetik igarotzen diren 11.000 paziente eta senide baino gehiagoren irisgarritasuna, arreta pertsonalizatua eta erosotasuna hobetuko dira, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Horrla, ospitaleak astelehen honetan zabaldu du berriz Gurutzetako plazan duen sarrera nagusia, harrera nahiz paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzua eta informazio unitatea erabat eraberritu ondoren. Bost hilabete inguru iraun dute lanek eta helburua izan da arreta guneak egokitzea Osakidetzako eskaria kudeatzeko eredutik eratorritako beharrizan berrietara, arreta emateko eredua hurbilagoa, osoa eta pertsonalizatua izan dadin.

Zehazki, Osakidetzak 1.480.798 euroko inbertsioa egin du 650 metro koadroko eremua eraberritzeko. Nagusiki eraikuntza elementuak erabili dira eta, besteak beste, zura eta material mineralak aukeratu dira inguru hurbila eta atsegina sortzeko, hala nola zeramika eta harlangaitza. Horrez gain, garrantzi berezia eman zaie argi naturalari nahiz argiztapenari eta zarata murrizten eta ingurune konforta eskaintzen duten konponbideak bilatu dira.

Paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzu berriak 125 metro koadroko eremua hartzen du; zati bat gizarte langileek erabiliko dute, eta gainerako zatian, berriz, pazienteei emango zaie arreta. Harrera berrian ia 100 metro koadro utzi dira pazienteei harrera egiteko, eta paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzuarekin partekatuko den itxarongela ere badago, non argiztapen naturala baitago.

Bestalde, eraberritutako informazio guneari dagokionez, erietxearen sarreran, 250 metro koadroko atondoan hartuko dira pertsonak; erdi-zirkularra den eremuaren barruan dago, eraberrituta dagoen eta berezia den ospitaleko eskailera zirkularraren aurretik. Horrez gain, kanpoko ataripe irekia eraberritu da eta sarrerako ateak berritu dira eraikinaren kanpoko itxura aldatu barik.

"Funtsean, sarrerako itxura instituzionala uztartu da itxaroteko eta jendeari arreta egiteko guneen itxura atseginekin. Espazio funtzionalak laburbiltzen ditu ospitaleak bere pazienteei nahiz gizarteari ematen dien zerbitzuaren ikuspuntua eta izaera, eta erakundea osatzen duten profesionalen konpromisoaren erakusgarri da", adierazi dute Osakidetzatik.