Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean 1979ko uztailaren 6an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) giltzurruneko lehen transplantea egin zenetik, orotara 4.800 pertsonari egin zaie operazio bera, osteguneko Giltzurrunaren Nazioarteko Eguna dela-eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera.
Kopuru horretatik, Gurutzetako ospitaleak 201 transplante egin dizkie 1994tik pediatria adinean dauden pertsonei, EAEko 91ri, Nafarroako 16ri, Gaztela eta Leongo 20ri, Galiziako 25i, Asturiasko 19ri, Kantabriako 19ri, Errioxako zazpiri eta Aragoiko lauri. Izan ere, Gurutzetakoa da penintsulako iparralde osorako giltzurruneko transplante pediatrikoen erreferentzia zentroa.
Elkartasunari esker
Osasun Sailak adierazi duenez, "hori guztia euskal gizartearen elkartasunari esker egin ahal izan da, eta bereziki emaileen eta haien senideen eskuzabaltasunari esker". EAEn, hildako pertsonen hamar familiatik bederatzi dira organoak ematearen aldekoak. Gainera, 2006tik abian dago emaile biziaren giltzurruneko transplanterako programa.
Hala, 2023an, 57 organo eta ehun emaile izan ziren EAEn milioi bat biztanleko, nazioarteko daturik altuenetakoa, eta 2000tik, urteko eta milioi biztanleko 40 emailetik gorako batez besteko tasa duen lurralde bakarra da (Osasunaren Mundu Erakundeak egokitzat jotzen duen kopurua); azken hamarkadan, milioi bat biztanleko batez beste 56,8 emaile izan dira.
"Lan bikainik gabe"
Osasun Sailak nabarmendu duenez, elkartasun hori "antzua" izango zen programa babesten duten profesional guztien "lan bikainik gabe", hala Osakidetzako osasun arloko profesionalena (ospitalekoak eta Lehen Mailako Arretakoak), nola osasun arloaz kanpoko profesionalena (epailetza, auzitegiko medikuak, organoak garraiatzeko ekipoak, osasun zerbitzuko kideak garraiatzeko ekipoak, epaitegi eta aireportuetako langileak, SOS Deiak, Ertzantza eta abar).
"Horiei guztiei esker, paziente/injerto biziraupen emaitza handiak lortu dira, ospe handieneko munduko zentroen pareko emaitzak. Ez dugu ahaztu behar, jakina, arlo horretako gaixoen elkarteek gizarte kontzientziazioaren arloan egiten duten funtsezko zeregina", gaineratu du.