Osakidetzak Berdintasunean Parte Hartzeko I. Foroa antolatu du martxoaren 14an, 'Osakidetzan, Berdintasunarekin Aurrera' lelopean, ostiral honetan ospatu den Emakumeen Nazioarteko Egunarten testuinguruan. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ekitaldi aretoan izango da jardunaldia, Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egingo dute Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, bai eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu duen 'Zuetaz harro' kanpainarekin.
'Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da' esaldiarekin batera doan 'Zuetaz harro' leloak adineko emakumeek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatzen du, belaunaldien arteko harremanaren garrantzia bereziki azpimarratuz.
Bada, esparru horretan, Osakidetzak Berdintasunean Parte Hartzeko I. Foroa egingo du martxoaren 14an, Gasteizen. Topaketan, sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa eta Osakidetzako Berdintasun Plana hedatzeko kudeaketa eredua aurkeztuko dira. Halaber, osasun erakundeetan berdintasunaren arloan egiten ari diren ekintza nagusiak errepasatuko dira.
Gainera, M8aren harira, eta aurtengo kanpainaren ildotik, Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait ekimen antolatu dituzte belaunaldien arteko harremanaren garrantzia, berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko zeregina eta adineko emakumeen balorazioa aldarrikatzeko.
Besteak beste, Osakidetzako profesionalak, Osasun Saileko langileak eta osasun zentroetara joaten diren herritarrak gonbidatu dituzte berdintasunaren arloan dituzten erreferenteei buruzko hausnarketa partekatzera, 'Zeintzuk izan dira zure erreferenteak? Konta ezazu!' galderarekin zuzenean interpelatuz eta esaldiak, argazkiak, ebakinak eta abar ezartzeko espazio more bat eskainiz.
Gainera, ostiraleko Emakumeen Nazioarteko Egunean 12:00etan egoitza bakoitzean berdintasunaren aldeko borroka babesteko antolatu den familia argazkian parte hartzeko dei egin diete Osakidetzako profesionalei eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko eta Osasun Saileko langileei.