Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritzak ikerketaren inguruko lankidetza berrituko du Cambridgeko Unibertsitatearekin

Hitzarmenaren helburua da zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren nazioartekotzea indartzea, ikerketa mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko bikaintasuneko ingurune akademiko batean lankidetza sareak sendotzea.

Jaurlaritzak ikerketaren inguruko lankidetza berrituko du Cambridgeko UnibertsitatearekinPablo Viñas

Eusko Jaurlaritzak Cambridgeko Unibertsitatearekin duen lankidetza berritzea onartu du astearte honetan gobernu bileran, eta, horrela, Clare Hall College ikastegian euskal ikertzaileen ikasturte bateko egonaldiak errazten dituen 'Basque Visiting Fellow' programak beste hiru ikasturterako jarraipena izango du. Era berean, gobernu kontseiluak programaren 2026-2027ko ikasturterako laguntzen deialdia onartu du.

Jaurlaritzaren arabera, hitzarmenaren helburua da zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren nazioartekotzea indartzea, ikerketa mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko bikaintasuneko ingurune akademiko batean lankidetza sareak sendotzea.

Bi erakundeen arteko lankidetza 2011ean hasi zen, eta Clare Hall ikastegian garatzen da. Cambridgeko Unibertsitateko ikastegia graduondoko ikasketetan eta ikerketa aurreratuan espezializatua dago, eta esperientzia handia du nazioarteko hainbat diziplinatako ikertzaileei harrera egiten.

'Basque Visiting Fellow' programak bi ikerketa egonaldi mota finantzatzen ditu. 'Visiting Fellow' modalitateak 4,5 eta 9 hilabete arteko egonaldiak barne hartzen ditu, gehienez ere bi ikertzailerentzat. Plaza bat hezkuntzarekin, digitalizazioarekin eta STEAM arloarekin lotutako proiektuetara bideratuko da berariaz, eta bestea, berriz, edozein ezagutza-arlori irekita egongo da.

Orobat, 'Post Visiting Fellow' modalitateak bi eta zortzi aste arteko egonaldiak egiteko aukera emango die aldez aurretik Clare Hall ikastegiko 'Visiting Fellow (Life Members)' programan parte hartu duten bi ikertzaileri.

Hitzarmenak finantzaketa esparrua ezarri du 2026-2029 aldirako, guztira 426.099 euroko zuzkidurarekin. Finantzaketak ikerketa egonaldiari lotutako kostuak estaliko ditu, ostatua, mantenua, tasa akademikoak, instalazioetarako sarbidea eta Clare Hall ikastegiaren laguntza teknikoa barne.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak programaren 2026-2027ko ikasturterako laguntzen deialdia ere onartu du astearte honetako bileran, eta datorren ikasturtean 22.600 euro bideratuko ditu 'Visiting Fellow' modalitaterako eta 5.840 euro 'Post Visiting Fellow' modalitaterako.

Programa Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusiak bultzatzen dute, Cambridgeko Unibertsitatearekin lankidetzan. Hitzarmenaren berrikuntzarekin, Jaurlaritzak indartu egiten du ikertzaileak nazioartekotzearen aldeko apustua, bai eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemak bikaintasuneko nazioarteko sare akademikoetan duen presentzia sendotzearen aldekoa ere.