Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak kultur jaialdiak antolatzeko 2026ko diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan, 600.000 euroko zuzkidurarekin. Bereziki, musikan, antzerkian, bertsolaritzan, dantzan, liburugintzan, ikus-entzunezkoetan, arte bisualetan eta sormenezko jardueretan antolatzen diren jaialdien antolakuntza laguntzera bideratuko dira laguntzak.
Zehazkiago, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, 255.000 euro izango dira zuzeneko arteen jaialdiak antolatzen laguntzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza eta abar), 180.000 euro ikus-entzunezko jaialdietarako, 97.500 euro arte bisualetako eta literaturako jaialdietarako, eta 67.500 euro diziplina anitzeko eta sormenezko kultur jardueretarako.
Diziplina anitzeko kultur jardueratzat hartzen dira kultura edota sormen sektore desberdinak uztartzen dituztenak, eta sormenezko jardueratzat arkitektura, artisautza, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, kultur ondarea, publizitatea eta bideojokoak.
Diruz lagun daitezkeen programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatu beharko dira 2026eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoa espezializazio maila handikoa eta EAEko kultur panoramarako interes berezikoa izan beharko du. Gainera, jaialdiak aldizkakoak izan beharko dira eta irauteko bokaziodunak, eta gehienez 45.000 euroko laguntza jasoko dute.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. 2025. urteko deialdian 38 jaialdi lagundu ziren diruz.