Eusko Jaurlaritzak oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketako unibertsitateetara eta BERC (Basque Excellence Research Centres) zentroetara zabaldu du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatutako Basque Tek Ventures deialdi berria, ezagutza zientifikoa sustatzeko oinarri teknologikoa duten enpresetan, "zientzia bikaina Euskadirentzako aukera iturri estrategikoa" dela uste baitu.

Jaurlaritzaren arabera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuetara zabalduta, ekimenak indartu egin du oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzea sustatzeko, eta Euskadiko industria ehuna gero eta lehiakorragoari, berritzaileagoari eta industriako eta jasangarritasuneko erronkekin lerrokatutakoari ekarpena egiteko duen rola.

Aurtengo deialdian, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 11 eragileren 20 proposamen aurkeztu dira (unibertsitateen bederatzi, BRTA aliantzaren zentroen zazpi eta BERC zentroen bi). Sektorei dagokienez, bederatzi osasunaren arlokoak dira, zortzi industria adimendunaren arlokoak eta hiru energiaren arlokoak. Lurraldeei dagokienez, 11 proiektu Bizkaikoak eta 9 Gipuzkoakoak dira.

Hurrengo fasean, Basque Tek Ventures ekimenak proiektu bakoitzaren potentziala ebaluatu eta kontrastatuko du, proiekziorik handienekoak lehenetsiz, eta horiek 'venture building' zerbitzuen ibilbide osoa izango dute eskuragarri, kanpoko eta BICen sareko adituen eskutik.

Martxan jarri zenetik, 13 zentrotako 40 proiektu aurkeztu dira Basque Tek Ventures deialdiaren hiru edizioetan. Horietatik 24 proiektuk Venture Builder programarako sarbidea izan dute, eta, hala, 16 enpresa eratu eta 10 inbertsio egin ditu BTV funtsak. Datozen hilabeteetarako ere operazio berriak daude aurreikusita.

BASQUE TEK VENTURES

Basque Tek Ventures ezagutza zientifikoa eta teknologikoa merkatura transferitzea azkartzeko ekimena da, Euskadiko industrian eta ekonomian inpaktua izango duten oinarri teknologikoko enpresak sortuz. Ekimena teknologia sakonetan (deep-tech) espezializatutako 'venture builder' publiko baten modukoa da eta laguntza eskaintzen du proiektuaren fase oso goiztiarretatik.

Egitasmoaren eredua enpresen garapenean eta berrikuntzan inplikatutako eragile publiko nagusien jarduera koordinatuan oinarritzen da; tartean daude SPRI, BRTA, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa eta BIC sarea, eta horien unibertsitateek eta BERCek ere batzeko aukera izango dute, proiektuei laguntza koherentea eta espezializatua eskaintzeko helburuarekin.

Jaurlaritzaren arabera, Euskadik "oinarri zientifiko bikaina du, baina ezagutzaren transferentzian aurrerapausoak egin behar dira", ekoizpen ehunduraren gainean inpaktua izango duen gaitasun hori eraldatzeko. Ekimena Industria Plana-Euskadi 2030en barruan dago, eta "gure industria ehuna indartzeko, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzeko eta gure industria lehiakorragoa izan dadin eta isurpen aztarna gutxiago utz ditzan bermatzeko xedea du".