Eusko Jaurlaritzak 6,5 milioi euro gehitu dizkio 'Fast Track Innobideak' laguntza programaren deialdi berriaren aurrekontuari, enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza bultzatzeko, eta guztira 20 milioi eurora iritsi da horrela. Neurria Industria Babesteko Taldeak egindako bileraren ondoren hartu da eta, horren bidez, Industria Sailak Euskadiko ETEak "dibertsifikatu eta eraldatu" nahi ditu, munduko ekonomiarentzat une zaila baita, eta Jaurlaritza dagoeneko hasia da neurri zehatzak aurreratzen.
Hala, Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik jakinarazi dutenez, 2026ko errekorreko aurrekontuari beste 87 milioi euro gehituko zaizkio orain, euskal ETEak eraldatzera eta dibertsifikatzera bideratuta. Guztira, Lakuako Gobernuak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara, hau da, 2025eko aurrekontuarekin alderatuta %51,4 gehiago.
Ekimen estrategiko horren helburua da Euskadin jarduera duten ETE industrialen eta sektore horri lotutako zerbitzuen lehiakortasuna, espezializazioa eta dibertsifikazioa indartuko duten berrikuntza-proiektuak modu lehiakorrean bultzatzea.
Zehazkiago, 'Fast Track Innobideak' programaren xedea da euskal enpresetan teknologia aurreratuak, metodologia berritzaileak eta irtenbide eraldatzaileak sartzea erraztea, berrikuntza sistematiko integratua sustatuz eguneroko jardunean, eta ez ekintza puntual gisa.
'Fast Track Innobideak' 2024an jarri zen abian, eta berrikuntzari laguntzeko tresna gisa duen ahalmena erakutsi du lehen bi edizioetan. Lehen deialdian 9 milioi euroko aurrekontuarekin eta bigarrenean 15 milioi eurokoarekin, programak 311 berrikuntza proiektu eta 23 ekintza osagarri babestu ditu, hau da, jasotako eskaeren %59. Guztira, 54,9 milioi euro mobilizatu dira jarduera berritzaileetarako 270 enpresa txiki eta ertain industrialetan eta lotutako zerbitzuetan, bereziki teknologia berritzaileen garapena eta ezarpena bultzatuz.