Eusko Jaurlaritzak 13 milioi eurora handitu du 'Renove Smart Industry' programaren aurrekontua. Ekimenaren helburua da Euskadiko makina-erremintaren arloko ETEen teknologiaren modernizazioa, automatizazioa eta digitalizazio aurreratua sustatzea, Europako "erreferenteak" baitira arlo horretan.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Industria Babesteko Taldeak egindako bileraren ondoren hartu da erabakia. Industria Sailak Euskadiko ETEak dibertsifikatu eta eraldatu nahi ditu horrela, munduko ekonomiarentzat une zaila baita, eta Jaurlaritza dagoeneko hasia da neurri zehatzak aurreratzen.

Bada, 'Renove Smart Industry' programak 13 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta makineria eta ekipamendu aurreratu berriak erosten laguntzea du helburu, bai hardwarea, bai softwarea, enpresek ekoizpen ingurune adimendun, konektatu eta eraginkorragoetara eboluzionatzeko aukera izan dezaten, eta Fabrikazio Aurreratuaren arloan 4.0 Industriako proiektuak garatzen laguntzeko.

Jaurlaritzaren arabera, 'Renove Smart Industry' programak ibilbide luzea eta "balantze oso positiboa" ditu, eta "horrek bermatzen du industria politikako tresna gisa duen eraginkortasuna". Iazko edizioan, programak makineriaren eta ekipamenduaren 186 erosketa berri babestu zituen 185 enpresarentzat. Laguntza publikoetan 8 milioi euro eman ziren, eta horri esker 49,8 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu ahal izan zen.

Era berean, 2024an, ekimenak 180 makina berri erostea erraztu zuen, SPRIk kudeatutako 8 milioi euroko inbertsio publikoari esker, eta inbertsio pribatuan beste 55,7 milioi euro sortu ziren.

2014an abian jarri zenetik 2025era arte, 'Renove Smart Industry' programak 805 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatzen lagundu du 91 milioi euroko inbertsio publikoarekin, eta euskal enpresetan 2.180 makina eta ekipamendu aurreratu berri sartzea ahalbidetu.