Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak astearte honetan onartu du arte plastiko eta bisualen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2026ko ekitaldiko diru laguntza deialdia, eta 592.000 euro bideratuko ditu. Legegintzaldia hasi zenetik %23 igo da deialdi honi bideratutako dirutza, "euskal arte sistemaren alde egin nahi den apustuarekin bat eginez", Jaurlaritzako arduradunen arabera.

Horrela, alde batetik, 55.000 euro bideratuko dira arte plastikoetan eta bisualetan arte garaikideko gertakizun eta adierazpenak Euskadin antolatzen laguntzera, hala nola erakusketak, lehiaketak, biltzarrak, jardunaldiak, topaketak, lantegiak edo, helburu badute Euskadin bizi diren artistak sustatzea eta zabaltzea eta arte garaikidea sustatzea.

Bestalde, 145.000 euro banatuko dira argitalpenen modalitatea, arte plastiko eta bistalen eremuan euskarri desberdinetan publikazioak egiteko, beren xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada.

Bukatzeko, sorkuntza ekoizpenari dagokionez, 392.000 eurorekin babestuko da arte plastiko eta bisualen sorkuntza ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea, hau da, artelanak ekoiztea eta ikertzea.

Interesdunek hilabeteko epea izango dute diru laguntza eskaera egiteko, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen denetik. 2025eko deialdian 68 proiektu lagundu ziren diruz: sei sustapen zabalkundearen modalitatean, 13 argitalpenen modalitatean eta 49 sorkuntza ekoizpenaren modalitatean, ondorioztatu dutenez.