Arabako Foru Aldundiak ekitaldi instituzionala egin du, gaur ospatzen ari den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Ekitaldi horretan, Ramiro González diputatu nagusiak Arabako emakumeen memoria historikoaren balioa eta lurraldeak berdintasunarekin duen konpromisoa nabarmendu ditu. “Lanean jarraituko dugu emakumeen memoria aintzat har dadin eta etorkizuneko belaunaldientzat inspiratzailea izan dadin”, baieztatu du. “Memoria, historian zehar isilarazi diren emakumeen kontakizunak gabe, ez da memoria, baizik eta iraganaren ikuspegi partziala, itzalez betetako etorkizuna proiektatzen duena”, gaineratu du.
Foru Aldundiak azken urtean bultzatutako eskualdeko memoria topaketetan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak, kolektibo feministak eta pertsonak bildu dira Artium Museoan egindako ekitaldian. Topaketa horietan, Arabako emakumeek historian zehar egindako ekarpenak berreskuratu dira. Ekitaldia lurraldeko kuadrilletako emakumeek eta kolektiboek egindako lana omentzeko ere baliatu da, eta, hala, diputatu nagusiak laia bana eman die zazpi emakumeri, aintzatespen gisa. Izan ere, LAIA izena du emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako Arabako lurralde sareak.
Arabako Foru Aldundia lanean ari da Arabako historiaren berrikuspen kritikoa egiteko, emakumeek denboran zehar utzitako aztarnak eta gaur egungo ondarea ikusarazteko eta, horregatik, Arabako emakumeen oroimena berreskuratzea jarri da ekitaldiaren erdigunean.
Hala, Arabako diputatu nagusiak honako hau esan die gaur arratsaldean keinu formal batetik harago doazen sariak jaso dituzten emakumeei eta kolektiboei: “Egiten dituzuen ekarpenak ez dira historiaren orriaren oinean idatziko sekula berriro; Arabak emakumeen memoria osoa, partekatua eta harroa eraiki nahi du, eta horren guztiaren erakusgarri zarete zuek”.
Berdintasunerako eremuak
Ramiro Gonzálezek gogorarazi duenez, Martxoaren 8a Araban “emakume arabarrak ospatzeko eta omentzeko eguna da, baina baita aldarrikapenerako eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko konpromiso irmoa hartzeko eguna ere”. Gainera, azpimarratu du konpromiso horiek “Arabako DNAren, erakundeen eta herritarren, gizonen eta emakumeen parte” direla modu berean.
“Berdintasuna askatasunez finkatu eta garatu ahal izateko” gero eta eremu gehiago izan daitezen ere eskatu du. “Emakume bakar batek ere berdintasun eremu horiek okupatzeko baimenik behar ez duen Araba nahi dugu”.
Bere hitzaldian, Ramiro Gonzálezek lurraldeko memoria biziaren erakusgarri diren emakumeen balioa nabarmendu du: “Zuen istorioek memoria eraldaketa tresna izan dadin laguntzen dute, ez nostalgia hutsa”.
Ekitaldiaren une nagusian, Arabako diputatu nagusiak zazpi laia eman dizkie “atzoko esperientziak gaurko esperientziekin lotzen dituen haria irudikatzen duten” kuadrilla guztietako emakumeei eta elkarteei, historian zehar emakume arabarrek egindako ekarpenak bildu, babestu eta transmititzeagatik.
Omendutako emakumeak eta elkarteak
Ekitaldian hilondoko omenaldia egin diote Agustina López Ansoteguiri, Gesaltza Añanako emakumezko lehen alkatea izanik aitzindaria izan zelako eta udalerriko bizitza komunitarioa bultzatu zuelako. Haren alabak, Raquel Nograro Lópezek, jaso du saria haren izenean. Laudioko Andere Koralak ere saria jaso du, soilik emakumez osatutako talde kultural gisa egindako ibilbideagatik, udalerriko gizarte bizitzan erreferentea izan baita. Aurora Martínez Riveira presidenteak jaso du aintzatespen ikurra.
Ondoren, Macaria Iriarte omendu dute. Santikurutze Kanpezun zaintza komunitarioei eta herri kulturaren transmisioari lotutako lana egiteagatik dute gogoan Iriarte. Haren biloba, Gurutze Badiola, igo da agertokira saria jasotzera. Laguardiako historialaria eta lurraldearen memoriaren dibulgatzailea den Clara Ajamil Gainzarainek ere jaso du omenaldia. Izan ere, tokiko historia herritarrengana hurbiltzen lagundu du bere ibilbidean zehar.
Beste sari bat Justa Lonbide Unzuetarentzat izan da, eta Aitziber Aginagalde Mondragón bilobak jaso du. Lonbide Aramaion jaio zen, iñude izan zen, eta haren historiak aukera ematen du landa eremuko emakume asko markatu zituen zaintza desplazatuen errealitatea ikusarazteko. Yolanda Urarte Alonsok ordezkatu duen Trebiñuko Udako Iturriak Elkarteak ere saria jaso du, berdintasunaren, ahalduntzearen eta komunitate dinamizazioaren alde egindako etengabeko lanagatik.
Ekitaldia amaitzeko, Aguraingo Agustina Pérez de Heredia, Sallurtegui Emakumeen Elkarteko lehen presidentea, aintzatetsi da, komunitatearekiko konpromisoagatik eta emakumeen artean elkarri laguntzeko guneak bultzatzeagatik.
Horrez gain, azken urte honetako eskualde topaketetan protagonista izan diren hiru emakumek zuzendutako mahai ingurua izan da, non lanari, bizitzari eusteari, emakume izateari, komunitateari eta identitateari buruzko kontakizun berriak jaso baitira. Clara Ajamilek ez ezik, Aramaioko Pilar Irasueguik (praktikantea eta sendatze metodo tradizionalak ezagutzen dituena) eta Trebiñuko Begoña Barriok ere parte hartu dute hitzaldian. Begoña Barriok bizirauteko jarduerekin eta elkartasun komunitarioko sareekin lotutako bizipenak partekatu ditu.