Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, aste honetan Madrilen egingo den ARCO arte garaikidearen nazioarteko azokan izango da, nazioarteko arte panoramako topagune nagusietako batean euskal artearen sektorea babesteko eta haren presentzia indartzeko.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, urtero Ifema erakustazokan egiten den ARCO Madrid azokak mundu osoko arte galeriak, artistak, bildumagileak, komisarioak eta profesionalak biltzen ditu, eta Europako arte garaikidearen erreferentziazko azoketako bat da.
ARCO MADRID ETA EUSKAL ARTEA
Madrilen egingo duen egonaldian, Bengoetxeak ARCO azokan dauden euskal ekosistema artistikoko artista, galerista eta eragileekin topaketak izango ditu, baita kultura erakundeetako arduradunekin ere. Sektorea laguntzea, haren nazioarteko ikusgarritasuna indartzea eta arte garaikideak Euskadiren mundurako proiekzio kulturalerako tresna gisa duen balioa azpimarratzea da helburua.
Testuinguru horretan, ostegunean, martxoaren 5ean, topaketa bat egingo da euskal arte sistemako artista eta eragileekin, sektorearen erronkei eta euskal ekosistema artistikoa indartzeko aukerei buruzko gogoetak partekatzeko. Sortzaileak, galeristak, bildumagileak eta arduradun instituzionalak elkartuko dira, artisten garapen profesionalari, eragileen arteko lankidetzari eta euskal artearen nazioarteko proiekzioari buruzko elkarrizketa gune batean.
Sektorea laguntzea, haren nazioarteko ikusgarritasuna indartzea eta arte garaikideak Euskadiren mundurako proiekzio kulturalerako tresna gisa duen balioa azpimarratzea da helburua
Bengoetxearekin batera, ARCOra joango dira Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Kulturaren Sustapeneko zuzendari Ana Lopez Asensio eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, euskal arte ekosistemako beste ordezkari instituzional eta eragile batzuekin batera, eta guztiek ferian zehar egingo diren hainbat topaketa eta jardueratan parte hartuko dute.