Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmen berria sinatzea onartu du, bileran, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, hezkuntzaren arloan euskara sustatzen jarraitzeko.

Horrela, Jaurlaritzaren arabera, euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkunderako ekimenetan bi erakundeen arteko lankidetzari jarraipena emango zaio, eta indartu egingo da hezkuntza arloan hizkuntza normalizazioa indartzearen esparrua.

Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmen berria sinatzea onartu du Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak

Hitzarmen berrituaren bitartez, hezkuntza ekosistemak euskararen ezagutzan eta corpusgintzan dituen beharrizanei modu koordinatuan erantzuteko bidea erraztuko da, hau da, hezkuntzan erabiltzeko oinarri eta baliabide linguistikoetan sakonduko da.

Era berean, Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, euskarazko baliabideak zabaltzen jarraituko da, eta terminologiaren zein hizkuntza irizpideen ikerketan nahiz zabalkundean aurrera egingo da. Horrela, hezkuntza arautuaren zein Lanbide Heziketaren beharrei ematen zaien erantzuna sendotuko da, eta ikasleei eta irakasleei laguntzeko baliabide berriak sortuko dira.

LANKIDETZA

Aurrekikusitako lankidetza ildoen artean daude EIMA, Irale eta Laneki proiektuen hizkuntza beharrizanen azterketa eta ekarpen berriak, EIMA Dokumentazio Zentroaren aprobetxamendua, materialen trukea, Jagonet zerbitzuekin egindako lanaren bidez hizkuntza zalantzak argitzeko laguntza, eta Euskaltzaindiaren ekimenetan parte hartzea, hala nola Euskara Batuaren Eskuliburua proiektuan.

Hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren 2024-2028 aldirako gobernu programaren euskara eta hezkuntza eredu eleanitza eta kulturartekoa indartzeari buruzko konpromisoaren barruan dago. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egongo da, bi aldeek aho batez hala erabakitzen badute, eta ez dakar diru ekarpenik.