Gasteiz "aurrera" doala eta bere potentzial ekonomiko eta soziala "sendotzen" ari dela dio Etxebarriak
Urteko mugarri nagusien artean Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzea aipatu du
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak 2025eko balantzea egin du egindako agerraldian, eta hiriak "aurrera egin eta bere potentzial ekonomiko eta soziala sendotu" duela nabarmendu du, besteak beste.
Udal Gobernuak azken 12 hilabeteotan egindako lanaren balioa azpimarratu nahi izan du alkateak. Bere hitzetan, "elkarrizketatik eta erantzukizun politikotik abiatuta" egindako lana izan da, zerbitzu publikoak indartzera, auzoak hobetzera eta jasangarritasunean eta garapen ekonomikoan aurrera egitera bideratua.
Etxebarriak tokiko enpresek eta industriek erakutsitako "indarra" nabarmendu du, nazioarteko testuinguru "zalantzagarri" honetan. Testuinguru horretan, esan du langabeziak behera egin dueola Gasteizen, eta Gizarte Segurantzako kotizatzaileen zifra "historikoa" lortu dela. Hazkunde orekatu horrek, alkatearen ustez, "inbertsioa eta talentua erakartzeko urratsak ematen jarraitzeko beharra" indartzen du.
Urteko mugarri nagusien artean Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzea aipatu du. Plan berriak bi hamarkadatik gora indarrean egon den aurreko plangintzari amaiera emango dio eta hiria "barrurantz hazteko oinarriak ezarri ditu, lurzoru gehiago kontsumitu gabe, etxebizitza gehiagorekin eta jarduera ekonomiko handiagoarekin".
Etxebarriaren arabera, beste gertakari garrantzitsu batzuk izan dira Gasteiz Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzea, aukera emango duelako "irmotasunez jokatzeko" alokairuen prezio garestiaren aurrean. Gainera, Zaramagako birgaitze urbanistiko eta soziala ekarriko duela gogorarazi du, "Euskadiko berroneratze planik handiena".
Bestalde, Hiriburutzaren Kanona 50 milioi eurora arte igo izana lau urterako; Goya gasolindegia eta Alfarotarren etxea eraberritzeko proiektuak, hainbat hamarkadatan blokeatuta egon ondoren "ahanzturatik eta utzikeriatik askatuko baititugu", eta tranbia Zabalganeraino handitzeko finantzaketa akordioa onartu izana ere txalotu ditu.
Arlo sozialean, 2025ean Judimendin Bizan zentro berria eraikiko dutela iragarri dute, "aldarrikapen historiko" bati erantzunez eta legegintzaldirako ezarritako konpromisoa betez. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lortutako akordioa nabarmendu du, San Prudentzio LAR egoitzaren eraikinera lekualdatzeko; horri esker, anbulatorio berria eraiki ahal izango da garai bateko babes etxean (gaur egun, eguneko arreta zerbitzua dago bertan).
Hiriaren kanpoko proiekzioa, Europa Jauregiko eta Goiuri Jauregiko biltzar instalazioetara bertaratutakoen errekorrak (2024ko 115.000 lagunetik gorako kopuruak gaindituko dira), hirian egindako filmatze lanek izandako "booma" eta Forondatik Madrilera eta Bartzelonara joateko hegaldiak ezartzea izan dira alkateak aipatutako beste lorpen batzuk. Horrez gain, iaz hasitako ETAren biktimen 23 plakak berritzeko lanak amaitu izana ere aipatu du.
Alderdi negatiboen artean, Mitika diskotekaren kasua aipatu du Etxebarriak: "Nahiago nuke Kermanen heriotza inoiz gertatu ez balitz". LEA enpresaren sutea eta apirilean izandako itzalaldi elektriko handia ere gogoratu ditu.
Horrez gain, lorategietako greba eta ultraeskuinak izandako gorakada ere aipatu ditu. Hala, grebari dagokionez, "arlo profesionalean zein pertsonalean une zailak eta desatseginak" izan zirela aipatu du; ultraeskuinaren gorakadari dagokionez, ohartarazi duenez, "kontuz kasu egiten dietenekin, beren interesetara makurtu eta ahalduntzen dituztenekin".
Temas
Más en Política
-
Altzan eta Amara Berrin auzotarren bizi kalitatea hobetzeko bi proiektu esleitu ditu Donostiako Udalak
-
Euskadi y Madrid aplazan la Comisión Mixta para evitar una transferencia de la Seguridad Social a la baja
-
La Comisión Mixta de transferencias se pospone al 16 de enero para "asegurar la materialización fiel de los acuerdos"
-
La gestora del PSOE extremeño evita aclarar si se abstendrá en la investidura de Guardiola