Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Metroaren 4. linea finantzatzeko eta eraikitzeko akordioaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Hiri inguruko garraiobidearen linea berriak Matiko eta Alonsotegi lotuko ditu. Linea berriak geltoki hauek izango ditu: Deustu/Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Irala, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza.

 

Bi erakundeek adostu dutenez, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Eusko Jaurlaritzaren ente publikoak gauzatuko ditu proiektuak eta Matiko eta Errekalde arteko obrak –Basurtura hurbiltzea barne–. Era berean, 4. linea honek Enkarterriren eta Bilboren artean orain dagoen trenbide azpiegitura baliatuko duenez, eta azpiegitura hori ADIFen jabetzakoa denez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute kudeaketa hori aurrera eramateko izapide guztiak egiteko.

 

Gaur goizean, Bilboko Errekalde auzoan, akordio honen berri eman dute Imanol Pradales Lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak. Hirurak ere bat etorri dira honetan: garrantzitsua da azpiegitura honek Bizkaian eta Euskadin arrakasta handiena duen garraio publikoa −alegia, Metroa− Bilbo hegoaldeko auzoetara eta Enkarterri eskualdera eramatea.

 

Lehendakariak sakoneko lau konpromiso nabarmendu ditu: emandako hitza, akordioen eta lankidetzaren balioa, herrialdearen eraikuntza eta konektibitatearen eta mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua. Testuinguru horretan, Pradalesek azpimarratu du Euskadin "Euskal Garraio Publikoaren Sistema moderno, eroso, azkar eta eskuragarriaren aldeko apustua" egiten dugula. Trena, bere modalitate guztietan, orainaldiko eta etorkizuneko funtsezko pieza da".

 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren ahotan, “4. Linea honi esker, Metroa garraio publikoaren eta Bizkaiko gizarte- eta lurralde-kohesioaren zutabe nagusi gisa finkatuko da, eta Enkarterriko eta Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunen mugikortasun eskaerei erantzungo die. Era berean, garraio publikoak lurralde-kohesiorako duen garrantzia sendotzen du, eskualdeak eta hiriburua −Bilbo− konektatzen baititu”.

 

Susana García Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak aldarrikatu duenez, “akordio honen bidez, Bizkaiko hiritarren zati handi baten mugikortasuna zehaztuko duten oinarriak finkatu ditugu".