Eusko Jaurlaritzak 478.150 euro banatuko ditu Euskal Autronomia Erkidegoko (EAE) udalen artean, 2025. urtean justizia bulegoen funtzionamendu gastuak ordaintzeko, gobernu bileran hala adostu ondoren.

Bake epaitegien ordez jarri diren udaletako justizia bulegoek justiziaren arloko herritarren arretarako funtzioak hartzen dituzte beren gain. Udalei dagokie zerbitzu horren gastuak gain hartzea, baina Jaurlaritzak, Justizia Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren arabera, laguntzak emango ditu udalei organo judizial horietatik eratorritako gastu arruntak kudeatzen laguntzeko.

Bada, astearte honetan onetsitako laguntzen bidez, hornidurak, garbiketa, bulegoko materiala edo langileak ordaintzeko lege betebeharra beteko da, eta ekitaldiaren amaieran ordainketa bakarrean ordainduko dira, udalek beraiek eskatu ondoren. Gainera, Jaurlaritza arduratuko da, 1/2025 Legearen arabera, haren funtzionamendurako beharrezkoak diren ekipo eta sistema informatikoak emateaz.

Laguntzen zenbatekoa ezberdina izango da udalerriaren biztanleriaren arabera (800 eurotik 7.475 eurora), eta osagarri gehigarriak izango dituzte espetxeak edo epaitegietako idazkaritzak dituzten udalerriei.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan dago deialdia, Euskadiko justizia zerbitzu publikoa hobetzeko 2025-2028 Justiziaren Plan Estrategikoaren helburuekin bat etorrita.

Diru laguntza eskatu nahi duten udalek EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dituzte izapideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/ Laguntzak bateragarriak dira beste diru laguntza batzuekin, baldin eta guztira diruz lagundu daitezkeen gastuen %100 gainditzen ez badute.