Síguenos en redes sociales:

"Eskaintza eta eskariaren arteko doitzerik onena dugu euskal unibertsitate sisteman, eta bertute hori zaindu behar dugu"

"Eskaintza eta eskariaren arteko doitzerik onena dugu euskal unibertsitate sisteman, eta bertute hori zaindu behar dugu"Utzitakoa

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Radio Euskadiko Boulevard saioan parte hartu du berriki.

Sailburuak euskal unibertsitate-sistemaren graduko eta graduondoko ikasketen eskaintza babestearen garrantzia nabarmendu du. Bere hitzetan, “graduko eta graduondoko ikasketen eskaintza zabala, anitza eta osagarria dugu. Tituluen eskaintzaren eta ikasleen eskariaren arteko doitzerik onena lortzen duen autonomia-erkidegoa gara, eta bertute hori zaintzea oso garrantzitsua da, kalitatearen bermea baita, eta horretan tematuko gara”.

Elkarrizketan gai hauek ere jorratu dira, besteak beste: talentuaren erakarpena; IBM Quantum System Two ordenagailua, Donostiako Ibaetako campusean instalatzen ari dena; unibertsitateen dekretua; edo euskal unibertsitate publikoarekiko harremana.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Euskal unibertsitateak kalitatearen eta aniztasunaren erreferente gisa finkatu dira, eta errendimendu akademiko handiagatik eta ikasle tituludunak lan-merkatuan sendotasunez sartzeagatik nabarmentzen dira. Hala erakusten dute Euskadiko goi-mailako hezkuntzari buruzko azken txostenek: Lanbidek 2021ean unibertsitate ikasketak bukatu zituzten ikasleen laneratzeari buruz egindako azken inkestak, eta CYD Fundazioak landutako Espainiako unibertsitateak. Ikuspegi autonomikoa. 2025 Euskadi izeneko txostenak.

Unibertsitatera sartzeko aukera gehien dituen erkidegoetako bat da Euskadi. Hamasei urtetik gorako biztanleen erdiak eta biztanleria aktiboaren ia bi herenek unibertsitate-ikasketak dituzte

Errendimendu akademikoaren adierazleak Euskadiko Autonomi Erkidegoan (EAE) kalitatezko prestakuntzaren alde egindako apustuaren isla dira. Euskadi bigarren dago ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten graduko tituludunen ehuneko handiena duten autonomia-erkidegoen artean ( % 51,4, Estatuko unibertsitate presentzialen % 42,7ren aldean), eta laugarren masterreko tituludunen artean ( % 82,1 eta % 74,8, hurrenez hurren).

Horretaz gain, STEM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) titulazioak dituzten ikasleen ehuneko handiena duen bigarren erkidegoa da (%29), Asturiasen ia parean ( % 29,5) eta Estatuko batez bestekoaren oso gainetik ( % 21). Gainera, ingeniaritza titulazioen rankingaren buruan dago, % 17ra iristen baita, Estatuko batez bestekoaren % 9aren aldean.