Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Sindikatuen Hauteskunde Batzordea eta lurralde batzordeak osatzen dituzten sindikatuei 2025eko laguntzak ematea onetsi du asteartean, eta 816.817 euro banatuko ditu ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean, iaz baino 38.416 euro gehiago. Diru laguntza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota dago.
Jaurlaritzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako hauteskunde sindikalen prozesuak kontrolatzeko eta ikuskatzeko batzordeetan parte hartzen dutelako dira onuradunak ELA, LAB, CCOO eta UGT, 1999ko urriaren 20ko sindikatuen arteko akordioan ezarritakoaren arabera.
Zehazkiago, sindikatu bakoitzak 204.204,25 euro jasoko ditu, joan den maiatzaren 23an Sindikatuen Hauteskunde Batzordeko kide diren erakunde sindikalen eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren artean akordioa lortu ondoren. Akordio horren bidez, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari proposatu zitzaion diru laguntzazati berdinetan banatzea.
Aukera hori jasota dago EAEn Sindikatuen Hauteskunde Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarrian, bertan arautzen baita diru laguntza hori.
BESTE DATU BATZUK
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak MerkaEkin 2025 merkataritza ekintzailetzara bideratutako laguntzen programa onartu du astearte honetan gobernu kontseiluan, eta guztira 2.420.000 euro banatuko ditu, sektorean ekintzailetza proiektu bideragarri eta sendo berriak bultzatzeko asmoz.
Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, bi laguntza ezberdin banatuko dira: alde batetik, negozio berri bat eratzeko orduan merkataritza ekintzailetzan espezializatutako aholkularitzarako laguntza ekonomikoen programakoak, eta, bestetik, negozioa sortzeko laguntza ekonomikoen programakoak. Lehenak 1,15 milioi euroko zuzkidura du, eta bigarrenak 1,27 milioi eurokoa.
Laguntzak ekintzaileentzat dira; pertsona fisikoak, talde sustatzaileak, autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun erkidegoak eta mikroenpresa eta enpresa txikiak izan daitezke, baldin eta jarduera horiek aginduaren oinarrian jasotako merkataritza jarduerarekin lotuta badaude eta jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten bada edo bertan egitea aurreikusita badago.
Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta irailaren 30ean amaituko. Eskaerak emateko ebazpena epea amaitu edo kreditua agortu arte egingo da.