Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritza eta euskal hamar enpresa izan dira Parisko Azoka Aeronautikoan

Sektorea Hegan klusterrean bilduta dauden 77 enpresek osatzen dute

Jaurlaritza eta euskal hamar enpresa izan dira Parisko Azoka AeronautikoanUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzak hamar euskal enpresari eman die babesa aste honetan Parisen egin den Azoka Aeronautikoan. Bi urtean behin egiten den erakusketak 55. edizioa izan du aurten, aeronautika eta espazio industriako eragileak batzen ditu, eta jarduera sektorean aritzen den azoka zaharrena eta handiena da.

Bada, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Le Bourgeteko Aeronautika eta Espazioko Azokan izan dira Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordea eta Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia.

Era berean, EIPC, Lazpiur, Korta, Aciturri, Aernnova, IPP Aero, Reductia, Burdinberri, Aratz Group eta Tubacex enprsak bertaratu dira, Hegan Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterraz gain.

Kortak adierazi duenez, "Euskadin garatutako teknologia erabiltzen duen hegazkin bat aireratzen da munduan bi minutuan behin. Sektore aeronautikoak Euskadiko ekonomiarentzat duen garrantziaren erakusgarri da".

"Sektoreak apustu handia egiten du berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde, aireko garraioaren deskarbonizazioaren lehen postuetan kokatzeko. Horrek garapen teknologiko handia eskatzen du hainbat arlotan: hibridaziotik eta elektrifikaziotik hasi eta erregai jasangarriak erabiltzeraino, hala nola hidrogenoa edo SAFak", azaldu du.

Sektore aeronautikoa eta aeroespaziala etorkizuneko industria sektore nagusietakoak dira Euskadirentzat, joan den astean aurkeztutako Euskadi 2030 Industria Plan berrian jasota dagoen moduan. Planak 16.000 milioi euro publiko-pribatu mobilizatzea du helburu, eta sektore horri lotutako proiektu eraldatzaileak aurreikusi ditu, hala nola motor aeronautikoaren arkitektura berriei eskainitakoa.

Sektorea Hegan klusterrean bilduta dauden 77 enpresek osatzen dute, eta guztira 3.000 milioi euro fakturatzen dituzte. 15.000 pertsona baino gehiagori ematen diete lana eta urtean ia 200 milioi euro inbertitzen ditu I+G+B arloan.