Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék Gobernu Kontseilura eramango du bihar Arritxu Marañón Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde izendatzeko proposamena. Marañónek Alfredo Retortillo ordeztuko du, arrazoi pertsonalak direla eta gobernua uzteko eskatu baitu.
Marañón Zuzenbidean lizentziaduna da, eta esperientzia luzea du erakundeetan. 1995etik 1999ra bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentua zuzendu zuen. Ondoren, 1999tik 2009ra bitartean, Donostiako Udalbatzako kidea izan zen, eta Giza Eskubideen, Hezkuntzaren, Berdintasunaren eta Gazteria eta Kirolaren arloetako buru izan zen hainbat legegintzalditan.
2008. urtean, Diputatuen Kongresuko diputatu hautatu zuten Gipuzkoan, eta hainbat kargu bete zituen bertan. Besteak beste, batzordeko bozeramaile, batzordekide eta txostengile izan zen. Halaber, PSE-EE alderdiko bozeramailea izan da bi legegintzalditan Zumaiako Udalean. Gaur egun, eta 2016. urteaz geroztik, jarleku bat betetzen zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzan diseinatutako Eraldaketa Digitalerako Planak aurrera jarraitzen du. Horren barruan, Osakidetzako Diagnostiko Biologikoko Sareko Anatomia Patologikoko laborategiak ere badaude. Arlo horretan jauzi handia egin da, biopsiak, zitologiak eta autopsiak bezalako probak digitalizatu egin baitira. Horrek esan nahi du proba horiek ohiko moduan aztertzeari utziko diotela, hau da, mikroskopioaren bidez, eta irudi-tratamenduko punta-puntako teknologiaren bidez aztertuko direla aurrerantzean. Ekimen horri esker, Osakidetzak izugarrizko aurrerapausoa egin ahal izango du irudi bidezko diagnostiko-jarduera guztiak digitalizatzeko prozesuan.
Ekipamenduak ordezkatu dira, beraz, eta langileei tresna berriak erabiltzeko trebakuntza eman zaie jada Osakidetzaren sarean dauden Anatomia Patologikoko bost laborategietatik hirutan; zehazki, Gurutzeta, Donostia eta Arabakoan. Basurtukoan eta Galdakaokoan ere aurten egingo da. Guztira 9,3 milioi euroko inbertsioa izan duen proiektu konplexua da, eta laborategi horien eraldaketa digitalari ekiteko behar diren elementu guztiak barne hartzen ditu: batetik, gaur egungo Anatomia Patologikoko Laborategiko Informazio Sistemaren (SIAP delakoa) ordezkapena kudeaketa-eredu zentralizatu baten barruan sartzeko, laborategiek sarean lan egin ahal izan dezaten; bestetik, digitalizatzeko ekipamendua hornitzea, hau da, eskanerrak eta patologoentzako lan-estazioak, eta, azkenik, sortutako irudia bistaratzeko eta kudeatzeko sistema bat ezartzea ere, Osakidetzako informazio-sistema korporatiboekin integratuta.