Kataluniako Hizkuntza Normalizaziorako Partzuergoa (CPLN katalanezko sigletan) Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren laguntzaile izango da, maiatzaren 22an eta 23an, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Topaketen antolakuntzatik jakinarazi dutenez, CPLN 1998tik katalan hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta hedapena areagotzeko lanean dabilen elkartea da, eta aurrez, erakundeko teknikariek 2022ko eta 2024ko edizioetan jarraitu dute jardunaldia, sarean.
Elkarlanak beste urrats bat eman du orain, eta lehenengoz laguntzaile taldera batu da: CPLNk diru ekarpena egingo du eta bertako teknikariek Udaltopen parte har dezaten sustapen lana egingo du. Trukean, izena ematen duten erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariak gonbidatuko ditu Udaltopek jardunaldia jarraitzera.
CPLNrekin batera, aspaldiko bidelagunak izango ditu Udaltopek 2025ean ere: Eudel Euskadiko Udalen Elkartea eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Seigarren edizioaz geroztik laguntzaile izan dira, eta, hamar urteren bueltan, elkarlanak indarrean jarraitzen du. Eudelek, diru laguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du, UEMAk bezala.
"Udaltopetik eskerrak ematea dagokigu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar alearengatik", adierazi dute.
Antolatzaile lanetan, berriz, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak darraite. Egitaraua osatzeko azken lanak egiten ari dira, eta, ongi bidean, martxoko bigarren hamabostaldian zabalduko dute izena emateko epea.