Síguenos en redes sociales:

Hezkuntza Saila ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna hobetzeko programa garatzen ari da erdal guneetan

Hezkuntza Saila ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna hobetzeko programa garatzen ari da erdal guneetanJosu Chavarri Erralde

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila 'Berba-lapiko' programa bultzatzen ari da lehen hezkuntzako ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna hobetzeko. Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) soziolinguistikoki erdaldunenak diren guneetan ezartzen ari da, batez ere, eta azken lau urteotan 50 ikastetxetara zabaldu da.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Muskizko Ikastolan izan da astelehen honetan, eta ikasleek ahozkotasuna euskaraz lantzeko duten 20 minutuko saioan parte hartu du. Metodologiaren egitekoa da eguneroko errutina linguistikoak eraikitzea, ikasleek benetako egoeretan ahoz parte har dezaten, gelan bertan, eta irakasleen laguntza eta esku hartzearekin.

Berba-lapiko programa 50 ikastetxe publikotan ezarri da orain arte, lehen hezkuntzako 331 irakasleren laguntzari esker, eta 5.236 ikasle inguruk parte hartzen dute. Ikasleek "gogoz" hartzen dute 'Berba-lapiko', "euskaraz komunikatzen gozatzen dutelako eta pixkanaka komunikatzeko gaitasuna hobetzen dutelako".

Pedrosak nabarmendu duenez, "Euskadin dugun aniztasun linguistikoa kudeatzea eta behar bakoitzera egokitzea dagokigu, ikasle guztiek, edozein dela ere testuinguru eta egoera, aukera izan dezaten euskarazko gaitasun sendoa eskuratzeko".

"Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da euskara sustatzea eta errespetatzea testuinguru guztietan, eta horretarako, tokian tokiko egoeretara egokitu behar ditugu irakaskuntza metodologiak. Horrela eskaini ahal izango ditugu ikasle guztiek euskara ikasi eta konfiantzaz erabiltzeko aukera berdinak", azaldu du.

'Berba-lapiko' egunean 20 minutuz egiten den saioa da, eta ikasgelako ingurune atsegin batean biltzen dira ikasleak irakaslearekin. Espazio horretan ahozko komunikazioa lantzen da, eta hainbat testu genero erabiltzen dira horretarako.

IKASLEEN TESTUINGURUA

Ikasleen testuinguruetara eta erreferentzietara egokituta dauden eta herri kulturan eta literaturan oinarritutako testuak erabiltzen dira. Horrela, herri literaturak ere garrantzia hartzen du, eta ikasleek testu tradizionalak ezagutzeko aukera sortzen da.

Hezkuntza Sailak sustatutako proiektua garatzeko taldea Mondragon Unibertsitateak eta Soziolinguistika Klusterrak osatzen dute (Berritzeguneekin koordinatuta lan egiten dute), Jaurlaritzako pedagogia orientazioko zentroekin batera.