Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 20.000 euroko aurrekontu saila onartu du aste honetan Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten agenteei laguntzeko. Jokoak Bragan (Portugal) egingo dira urriaren 11tik 20ra, eta parte hartzeko gastuei aurre egiteko asmoarekin lehiaketetan emaitza onak lortu dituzten Ertzaintzako funtzionarioek jaso ahal izango dituzte diru laguntzak.
Jaurlaritzaren arabera, diru laguntza deialdiaren bidez, alde batetik, Ertzaintzaren irudia eta balioak zabaldu nahi dira Euskadin zein Euskaditik kanpo, eta, bestetik, kirol lehiaketen balioak sustatu, horietako asko parte hartzaileen jarduera profesionalarekin lotuta daudelako eta lanerako forma fisikoa mantentzen laguntzen dutelako.
Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten agenteek 'Euskadi-Basque Country' nazioarteko irudia jasotzen duen kirol ekipamenduak erabili ahal izango dute. Ertzainak mundu mailako nahiz Europako jokoetan lehiatu ohi dira, eta domina ugari lortu izan dituzte orain arte.
Bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu da Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuaren agindua, larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko prozedura hasten duena. Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta antolakundeek, profesionalek nahiz boluntarioek, hilabeteko epea izango dute, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako 2024. urteari dagozkion proposamenak eta hautagaiak aurkezteko.
Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko bereizgarri horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.
Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko babes zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diploma.