Lehendakaria ohiko lehen Gobernu Kontseiluko buru izan da gaur goizean, Miramar Jauregian, urte politikoari hasiera emateko. Bertan, Imanol Pradalesek "Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna" dokumentuaren proposamena aurkeztu du. Lehendakariak dokumentu hori helarazi die bilera-sortan parte hartu zuten indar politikoei, eta gaur Gobernuko sailburuekin ere partekatu du.

"Jauzi kualitatibo bat ematea dagokigu, eta, horregatik, lehen neurri gisa, Euskadin politikan aritzeko Itun bat sinatzea proposatzen dut. Gure Herrian ereduzko jarduera politiko baten aldeko ituna. Horrela jakinarazi nien Herri honetako alderdi politiko nagusietako buruei ere, uztailean Ajuria Enean izandako bileretan. Gaur beste urrats bat ematen dugu helburu hori lortzeko. Eusko Legebiltzarrari helaraziko diogun lehen dokumentu bat aurkeztu dut Gobernu Kontseiluan, alderdi politikoek horren inguruan lan egin dezaten, aberastu dezaten eta gero berrets dezaten ", iragarri du Imanol Pradalesek.

Konfiantza indartzea

Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da herritarrek politikan duten konfiantza indartzea, eta, horretarako, funtsezkoa da eragile politikoen eredugarritasunean fokua jartzea, "euskal ordezkarien eguneroko portaera baita konfiantza-maila hori handitzeko eragile nagusia. Zintzotasuna, errespetua, erantzukizuna, zerbitzu publikorako bokazioa, leialtasuna, guztion ongia bilatzea eta gardentasuna, besteak beste, printzipio negoziaezinak dira ", ziurtatu du Pradalesek.

"Uste dut Euskadin oinarri ona dugula. Politika egiteko modu eraikitzaileagoa praktikatzen dugu: ezberdinen arteko akordioak, aurkariarekiko errespetu handiagoa, eztabaida lasaiagoak... horiek dira gure nortasunaren ezaugarriak. Baina egunero elikatu behar dugu, ekintza bakoitzean, politika ulertzeko eta gauzatzeko modu hori ", zehaztu du Pradalesek bere proposamenaren xedeari buruz. Proposamen horrek konpromisoen dekalogo bat definitzen du, jokabide politikoaren gutxieneko batzuk ezartzea helburu duena, negoziatu ezin diren zintzotasuna, errespetua eta guztien ongia bilatzearen bidez.