Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak itunpeko ikastetxeei Irale euskalduntze programaren esparruan liberatutako irakasleak ordezkatzen laguntzeko diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan, eta guztira 1,4 milioi euro erabiliko ditu xede horretarako. Horrela, aurten ere laguntza emango zaie euskarazko hizkuntza gaikuntza ikasi edo hobetzeko denbora ematen duten irakasleak ordezkatu behar dituzten ikastetxeei.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, deialdian parte hartu ahal izango dute 2024an (urtarrila-ekaina, iraila-abendua) Hezkuntza Administrazioak liberatutako edo onartutako irakasle izangaietako bat edo gehiago duten ikastetxeek, eskola ordutegiaren barruan eman beharreko ikastaroak egiteko. Kasu honetan, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko prestakuntza ikastaroak edo hizkuntza gaikuntza indartzeko ikastaroak egingo dituzte euskarazko C1 maila duten profesionalek.

Hezkuntza Sailak 1980ko hamarkadan hasi zituen irakasleak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanak. Irale (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) irakasleen hizkuntza gaikuntzako programak, beraz, hiru hamarkadatik gorako bidea egin du jada. Bost zentrotan banatzen diren 60 irakaslek egiten dute lan bertan (bi Bilbon eta bana Donostian, Gasteizen eta Eibarren), eta euskaltegiekin lankidetzan osatzen dute beren eskaintza.

Irakasleen hizkuntza gaikuntzan gertatu den eraldaketa tipologikoak premia berriak sortu ditu, hasierakoak ez bezalakoak. Horregatik, gaur egun, Irale programaren helburuetako bat irakasleak euskalduntzea da, baina gehiago arduratzen da irakasle horien euskara maila hobetzeaz ahozkoan zein idatzizkoan, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko edo pribatuetan irakasten dihardutenen kasuan.

Ildo horretan, euskarazko irakaskuntzarako eta irakasleen prestakuntza soziokulturalerako prestakuntza didaktiko eta metodologikoa ere eskaintzen du. Euskarazko material didaktikoen hizkuntza egokitasunaren azterketan ere parte hartzen du Iralek.