Tokiko Gobernu Batzordeak gaur esleitu du, Gizarte Politiken Sailak hala eskatuta, Tomas Zumarraga Dohatsuko adinekoentzako guneko zaintzapeko apartamentuen, eguneko arreta-zerbitzuaren eta jangelaren kudeaketa. Aurretik ere funtzio horiek betetzen zituen Sirimiri enpresa arduratuko da lan horiek egiteaz hurrengo 2 urteotan 1.368.640 euroren truke.

Tomas Zumarraga Dohatsua kaleko 1. zenbakian, Gasteizko Udalak instalazioen multzoa eta honako hauek osatzen dute: eguneko arretarako zerbitzua, jangela eta zaintzapeko apartamentuak. Udalak gaur eman dio oniritzia horiek guztiak kudeatzeko kontratuaren esleipenari. Gizarte Politiken zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu duenez, zerbitzu horiek “erabiltzaileentzako eta haien familientzako laguntza garrantzitsua dira eta, gainera, pertsonak haien gertuko eremu familiar eta sozialean mantentzea ahalbidetzen du”.

Kontratuak hainbat berritasun biltzen du: zaintzapeko apartamentuetan laguntza profesionala handitzea, adibidez. Zuzeneko arretarako ordutegi berria astelehenetik igandera bitarte 08:00etatik 22:00ak artekoa izango da. Erabiltzaileei behar duten guztian ematen zaie laguntza eta, gainera, haien harremanak dinamizatzen dira, isolamendua ekidinez eta sozializazioa bultzatuz. 

Bigarren berritasun gisa, gizarte-integratzaile bat gehituko du eta eguneko arreta-zerbitzuko eta zaintzapeko apartamentuetako erabiltzaileekin egingo du lan. Azken horien kasuan, haien autonomia pertsonala, aisialdia eta harreman pertsonalak bultzatzen dituzten jarduera zehatzak garatzeaz gain, honako hauek egiten laguntza eskainiko du: etxeko lanak antolatzen, medikuarengana laguntzen, erosketak egitera edo kudeaketak egitera laguntzen, besteak beste.

Hobekuntzak osatzeko, eguneko arreta-zerbitzuan asteburuko beste bost plaza egokituko dira. Arrisku-egoeran edo 1. mailako mendekotasun-egoera aitortua duten (39 puntu arte) adinekoentzat dira, edo mendekotasun aitorturik ez duten pertsonentzat, zaurgarritasun bereziko egoeran badaude eta zentrora asteburuko erregimenean bakarrik joan nahi badute. Familia-atsedenerako plaza gisa ere erabil daitezke, eta hurbiltasun-baliabide gisa pentsatuta daude, hurbil bizi diren pertsonek lehentasunez erabil ditzaten.

Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu duenez, “eguneko arreta-zerbitzuetan abian jarriko den ekimen berria da eta horren helburua da baliabidea errentagarri bihurtzea; izan ere, asteburuetan asteko egunetan baino asistentzia txikiagoa izaten du zerbitzuak. Gainera, baliabide mota honen inguruan zalantzak izan ditzaketen pertsonentzako alternatiba ona izan daitekeela uste dugu, asistentzia mailako eskakizun txikiagoa duen modalitatean sar baitaitezke bertara”.

Gizarte Politiken Sailak hiru zerbitzuak eraikin berean ditu bilduta. Beheko solairuan dago Eguneko Arreta Zerbitzua eta 23 plaza ditu arrisku-egoeran dauden edo 1. mailako mendekotasun-egoera (39 puntura arte) aitortuta duten adinekoei zuzenduta. Adinekoak egunez joaten dira zerbitzu horretara eta arreta integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzen die. Honako zerbitzu hauek biltzen ditu: arreta soziosanitarioa, animazioa, jangela, garraioa, higiene pertsonala, terapia okupazionala eta abar.

Bestalde, eraikin berean 48 tokiko jangela dago. Horri esker, zonaldean bizi diren eta hainbat arazo direla eta (prestatzeko arazoak dituztelako, familiaren laguntzarik ez dutelako eta/edo zailtasun ekonomikoak dituztelako) oinarrizko elikadura-beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten 60 urte baino gehiagokoek nutrizioari dagokionez osoa eta egokia den otordua egiteko aukera dute bertan. Zerbitzu horren bidez, hura erabiltzen duten adinekoen artean elkarbizitza eta integrazio soziala bultzatu nahi dira.