Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea bildu da aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria buru izan dituen bileran, Jaurlaritzako sailek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte, berdintasuna zeharka lantzen baita Jaurlaritza osoan. Horrela, Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo bakoitzak legegintzaldiko berdintasun-planak garatzeko abian jarritako ekintza garrantzitsuenetako batzuk errepasatu dituzte, eta, era berean, gaur egun lantzen ari den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia berria aztertu dute, baita Euskadin 2018tik indarrean dagoen Soldata Arrakala Murrizteko 2030 Estrategia ere.
Sailburuak adierazi duenez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia berriak "Euskadi berdintasunaren arloko plangintzaren abangoardian kokatuko du, eta funtsezko elementua izango da EAEn berdintasun-politikek aurrera egin dezaten". Sail bakoitzaren ekarpenak jaso ondoren, dokumentuak kontraste fasean jarraituko du Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluarekin eta atxikitako beste koordinazio-organo batzuekin (maila politikoan zein teknikoan), eta, ondoren, gizarte-eragile politikoekin (entzunaldi publikoa).
Berdintasunerako Lege berrituaren arabera, 2030 estrategiak aldatu egiten du legegintzaldiko plangintzen dinamika, eta indartu egiten du haren lidergo estrategikoa, partekatua eta koordinatua. Estrategiak lehen aldiz 2030erako jomugak ezartzen ditu, Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeari lotuak, neurtzeko modukoak. Hala, berdintasunerako erakunde-arkitektura sendotzeko jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa ahalbidetu ahal izango du, eta "emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko eta berdintasunean aurrera egiteko ezinbestekoak diren sektore estrategikoetan ekimenak garatzeko".
Bileran, Euskadi 2030erako soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzeko helburua duen Soldata-arrakala murrizteko 2030 Estrategiari buruzko informazioa ere partekatu da, eta, zehazki, 2022-2025 aldirako Ekintza Plan Operatiboari buruzkoa. Horri dagokionez, Berdintasuneko sailburuak gogorarazi duenez, "jakin behar dugu arazo konplexu, estruktural eta multidimentsional bati buruz ari garela, eta horri aurre egiteko erantzun integrala behar dela, eta inplikatutako eragile eta esparru guzti-guztiek parte hartzea behar dela".
Emakundeko zuzendariak, bestalde, gogorarazi du estrategia hori garatzeko lehen plan operatibo bat jarri zela abian, 2019-2020 aldian indarrean zegoena, eta bigarren plan operatibo bat, 2022-2025ekoa, eta azken plan operatibo horrek 74 neurri aurreikusten dituela, 4 ardatzetan oinarrituta: orduko soldataren desberdintasuna murriztea, lanaldiari dagokionez desberdintasuna murriztea, hezkuntza eta sentsibilizazio soziala, eta enpresa- eta sindikatu-sentsibilizazioa.