Maider Etxabarria Gasteizen historian emakumezko lehen alkate bihurtu da. Sozialisten hautagaia aukeratu dute Udal berria eratzeko saioan PSE-EEren, EAJren eta PPren botoekin. Alkateak akordioak aldarrikatu eta herritarrei «konponbideak» eskaintzeko «kalean bertan» lan egiteko konpromisoa hartu du bere gain Arabako hiriburuak aurrean dituen «ekonomia, gizarte eta klima» arloko erronkei aurre egiteko.

Osoko bilkura hasteko, Adin Mahaia eratu dute eta adin handieneko zinegotzia, Jon Armentia (PSE-EE) izan da haren presidentea eta ondoan izan du zinegotzi gazteena, Maria Nanclares (PSE-EE). 27 zinegotziak (11 dira berriak) karguaren jabe egin ondoren, alkatea izendatzeko bozketa egin dute eta Etxebarriak lortu du horretarako beharrezko gehiengoa.

Euskadiko hiriburuko Udalaren buruzagitza eskuratu duela erakusten duen makila jaso ostean, alkate berriak herritarrak ordezkatzeak berekin dakartzan “harrotasuna eta erantzukizun handia” adierazi eta honako hau aldarrikatu nahi izan du: “behar bezalako aitortzarik gabe Gasteiz eraikitzen lagundu duten eta erantzukizun-postuak sekula lortu ez zituzten emakume ugarik egindako ahalegin isila”. Horregatik, sekulakoa da emakume progresista bat Alkatetzara iristea, baina aldi berean, egundokoa da emakumezkoen talentua egotea Udaleko gainerako taldeen buruzagitzan”. Era berean, lidergo “inklusiboagoa” aldarrikatu du eta “berdintasunaren alde eta emakumea izate hutsagatik emakumeek jasaten dituzten indarkeria guztien aurka borrokan jarraitzeko beharra” dagoela aipatu nahi izan du berriro.

Bere hitzaldian, Maider Etxebarriak “egonkortasuna, hurbiltasuna eta akordioak” eskaini ditu eta horretarako konplizitatea eskatu die gainerako talde politikoei; izan ere, bere hitzetan, “gutxiengoan dagoen gobernu bakar batek ere ez du oposizioaren konpromisorik gabe aurrera egingo. Ziklo berri hau, aldaketa lasai hori, partekatutako erantzukizunean oinarrituta eraikiko da. Paralisia eta konfrontazioa ez dira onargarriak. Aurrera egiteko eta Gasteiz dagokion tokian jartzeko unea da. Elkarrizketa, beharra baino gehiago, nire moduan gasteiztar izateaz harro dauden eta haien hiriarentzat onena nahi duten pertsona guztientzako betebeharra da”.