Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak balioa eman dio aste honetan Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategiari (2022-2025). Duela urtebete onartu zen, eta orain arte atxikimendu handiak izan ditu. Izan ere, zehaztu zuenez, Hezkuntza, Osasuna, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak sailek, hiru foru-aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta Sareen Sareak, besteak beste, bat egin dute estrategiarekin. Dokumentu horrek “aurrerapen berri eta indartsuak ekarriko ditu”.
Ospakizunaren barruan, gaur ospatuko dena Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Nerea Melgosak Zentzumen guztiak haurren eta nerabeen indarkeriaren aurka: eskubideak sustatzea eta prebentzioa jardunaldia inauguratu du aste honetan eta “haur eta nerabeenganako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa” berretsi du.
Sailburuak adierazi zuenez, haur eta nerabeekin lan egiten duen erakunde bakoitzak bere eskumenen esparruan eta legeak ematen dizkion eginkizunak betez egiten du. Bakoitzak bere planak eta erreferentziazko beste dokumentu batzuk ditu, tratu txarrei aurre egiteko egiten dituen ekintzak biltzen dituztenak.
“Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategiak indartu egiten du lan hori”, esan zuen Melgosak. Halaber, ikuspegi partekatuak identifikatu eta proposatu nahi dituen esparru-estrategia bat dela azpimarratu zuen. “Esperientzia hori guztia, metatutako ezagutza eta eragile anitzek egiten dituzten ahaleginak artikulatzeko esparrua” dela esan zuen.
Melgosak nabarmendu zuenez, Estrategiak, bere atxikimenduek eta azken urte honetan egindako lanak bide ematen diote Eusko Jaurlaritzari gaur egun Euskadin “indarkeria-mota guztiak prebenitzeko prestatuago egoteko, baita goiztiarrago antzemateko eta indarkeria-egoeretan goiz esku hartzeko ere. Prestatuago gaude, halaber, arretan eta babesean integraltasun handiagoa eskaintzeko, eragindako kalte guztiak konpontzeko, baita erakundeen arteko lankidetza hobetzeko eta gure erakunde-sarearen lankidetza sendotzeko bidean aurrera egiteko ere”.
“Errealitatea gehiago eta hobeto ezagutzen duen, ezagutza sortuko duen, etengabe hobetuko duen eta adingabeei kalitatezko arreta eskainiko dien erakunde arteko sistemaren alde egiten dugu”, ondorioztatu zuen.