Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak esan du "inbertsio ahaleginari" eutsiz gero, 2027rako amaituta egongo direla 'Euskal Y' aren lanak, eta urte horretan bertan Madrilera joateko aukera izango dela, Abiadura Handiko Trenean. Halaber, azaldu du Gasteizko Salburua auzorako tranbia apirilaren 11n jarriko dela martxan

Europar Batasunak Frantziako Gobernuak Atlantikoko korridorean abiadura handia bultzatzeko egiten dituen atzerapenen aurrean “esku hartu behar du erantzukizunak eskatzeko”, Batasunaren plangintza estrategikoari eragiten baitiote. Hala adierazi du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketa batean. Elkarrizketa horretan, sailburuak positibotzat jo du Korridore Atlantikoa garatzea nahi duten lurraldeen artean “interes-batasuna egotea, elkarrekin eta koordinatuta aurrera egin behar” delako. Arriolak adierazi duenez, aurrerapen horien helburua ez da Espainiako Gobernua konbentzitzea, dagoeneko ziur baitago horretaz. Ildo horretan, "Euskadiko Garraio arduradunak nabarmendu du helburu hori dutela bai erkidegoek bai Gobernu Zentralak, eta martxoaren hasieran aurkeztu ziela arloko sailburuei korridore atlantikorako ordezkari berria".

Abiadura handiari dagokionez, sailburuak azpimarratu du gaur egun “borondate politikoa” dagoela azpiegitura hori bultzatzeko, eta nabarmendu du lanean jarraitzen dutela 2027an obrak amaitzeko, “borondate politikoa eta inbertsio-ahalegina baldin badago”. Hori Gasteizko eta Bilboko sarbideetarako behin-behineko irtenbideekin emango litzateke, behin betiko konponbideak konplexuak baitira, eta horien tramitazioa, azpimarratu duenez, aurrera doa. Arriolak laburbildu duenez, legegintzaldi hau “emankorra” izaten ari da abiadura handiko trenari dagokionez. Gipuzkoako adarra Euskal Trenbide Sarea (ETS) ari da egiten kudeaketa-gomendio baten bidez. "Azken faseetan sartzen ari da Hernani-Astigarraga tartean, eta aurrera doa Donostiako Atotxako geltokian".