Beharbada, hurkoa gutxietsiz edota deskalifikatuz, sekulakoak esanez, hauteskunde kanpainan eroso arituko denik egongo da... halako jarrerek, ordea, gizarteak aurrealdean dituen arazoei eran-tzuteko asmoz, bideragarriak eta sinesgarriak diren proposamenak egiteko, batzuen zailtasunak utzi ohi dituzte agerian, bidenabar, ezkutuan duten programaz eztabaidatu ez dezagun helduleku bilakatuz.
Beste horrenbeste esan daiteke probokazioa boto batzuk eskura-tzeko estrategiatzat baliatzen dutenen kasuan... bai eta horiei erantzuteko -ustez-, probokazioan horren erraz erori eta liskarrak eta boikotak baliatzen dituztenez ere -bide batez, duten jokabide totalitarioa agerian lagaz-... Aitortzen dut, estilo hori ez dudala batere gogoko, horren maila zabarrak nazka eragiten didala eta nago herritar gehienek ere iritzi bera dutela, kontu hori izanik, beste batzuen artean, herritarrak alderdietatik aldentzeko duten motiboetako bat.
Aurrez aurrekoa bilatu behar da, baina konfrontazioa demokratikoa izatea garrantzitsua da baldin eta jendeak bizkarra ematea nahi ez badugu. Nola sostengatu gure ongizate- sistema etengabe zahar-tzen ari den eta behar gero eta gorriagoak dituen gizarte batean? Gero eta prestakuntza handiagoa duten gazteei enplegu duina izan dezaten nola lagunduko diegu... globalizazioak enpleguaren kalitatea kaskartzen eta enpresak edota ekoizpena, ahalik eta etekin ekonomiko handiena bilatzeko asmoz, tokiz aldarazten dituenean? Gizartearen kohesioaren ikuspegitik, zailtasunak dituzten gizataldeei, adin batetik aurrera lana topatu ezinda daudenei zer eskainiko diegu? Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna nola sustatuko dugu, soldatetan zein bestelako gaietan? Demokrazian sakontzeko asmoz, nolako ekimenak sustatuko ditugu, dela gizabanakoen ikuspegitik, dela Espainiak barruratzen duen aniztasunaren ikuspegitik ere? Estatuaren egiturak eta funtziona-tzeko-moldea XXI. mendera ekar-tzeko zein neurri, zein erabaki hartuko dugu? Horra hor burura etortzen zaizkidan zenbait galdera... biraoek, gutxiespenek, probokazioek eta jarrera totalitarioek erantzuten ez dituztenak.
Finean, herritarrok gure ordezkariak aukeratzen ditugu arazoak onbideratzeko... eta ez are arazo gehiago sortzeko, dirua gaizki kudeatzen, lapurtzen edota gaitasunik zein borondaterik ez dutelako... halako jarraibideek ustezko salbatzaileak aupatzen eta demokraziaren oinarriak birrintzen baitituzte, iraganak erakusten digun bezala... baina hauteskundeak aurrealdean ditugunez gero, alderdi bakoitzak orain arte zer egin duen gogoan izatea ere garrantzi handikoa da. Horrek erakusten baitu nor eta zer egiteko gauza izan den eta den, kezkak eta lehentasunak non dituen, hain zuzen.
Eta azken honi buruz ari garenean, dakusagun euskal herritarron interesak nork aldeztu dituen eta itxurakerietan nor galdu den. Azter dezagun euskal herritarron ongizatea eta autogobernua jarduera politikoaren ardatz nork izan duen... hori izan daitekeelako gure botoak izan dezakeen aterperik seguruena eta eragingarriena, gau zein bihar-etzi. Gainerakoak hitz soilak, haizeak eraman ohi dituen eta ezertan gauzatzen ez diren berbak baitira.