iruñea - Egunerokotasunaren zurrunbiloa eten eta duela urte eta erdi Nafarroaren historioan mugarri bilakatu zen gobernu aldaketa sakonki aztertu dute Joxerra Senar (Donostia, 1976) eta Ion Orzaiz (Iruñea, 1981) Berria egunkariko kazetariek, Nafarroa, orain ala inoiz ez izenburupean argitaratu berri den liburuan. Aktualitate gaietan sakontzea helburu duen Elkar argitaletxearen eta Jakin aldizkariaren Aleka bildumari hasiera ematen dion lan hau burutzeko, Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren zuzeneko eta zeharkako protagonista izan ziren 50 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte Senar eta Orzaizek. Hala, Senarrek berak adierazi bezala, “legealdi honetako gako eta erronkak azaltzeko parada eskaintzen du” liburuak.
Zerk bilakatu zuen historiko Nafarroako gobernu aldaketa?
-Joxerra Senar (J.S.): Batez ere, orain arte Nafarroa ofizial horretatik baztertua izan den gizartearen sektore zabal bat instituzioetara iritsi delako izan da aldaketa historikoa. Faktore asko eman dira hori gertatu ahal izateko: krisi ekonomikoa, UPN-ren gobernuen kudeaketa okerra, PSN-k politikoki erabakigarria izateari uztea, Ahal Dugu indarrean sartzea, ilegalizazioaren etenaldia, NaBairen hausturaren ondoren hortik zetozen indarren adostasuna lortzeko gaitasuna... Eta mobilizazio soziala, noski.
-Ion Orzaiz (I.O.): Ia egunero erabiltzen dugu historiko hitza eta maiz bere zentzua galtzen du. Baina inoiz arrazoi bat baldin badago erabiltzeko, kasu hori hauxe da. Joxerrak “Karanbola magikoa” deitu dio gertatutakoari: Faktore pila bat eman ziren, momentu jakin batean bat egin zutenak. Gainera, aldaketa ez zen erakundeetara mugatu, aldez aurretik gizartean ematen ari zen. Arlo desberdinetako eragile sozialak ia astero zeuden kalean: osasungitza, hezkuntza, gazteak... Horregatik eraman ahal izan zen aldaketa instituzioetara. Boto gutxi batzuengatik izan zen, baina hala eta guztiz ere lortu zen. Gauzak, nondik ikusten diren, aldatu egiten dira. Batzuentzat karanbola magikoa izan dena, aldiz, beste batzuentzat ekaitz perfektua izan zen, Esparzak (Javier Esparza, UPNko lehendakaria) berarekin hitz egin genuenean esan zigun bezala
Izenburua oso iradokitzailea da: ‘Nafarroa orain ala inoiz ez’. Zenbat faktorek lerrokatu behar izan ziren aldaketa hori gertatzeko?
-J.S.: Uneak bazuen halako urgentzia puntu bat, sobera ere azpimarratu nahi izan ez duguna. Azken batean, aldaketa prozesu bat da eta orain ematen ari da.
-I.O.: Ez dugu ahaztu behar gehiengo instituzionala oso hauskorra dela oraindik eta politikari nahiz mugimendu sozialen aldetik hanka sartuz gero, gerta daitekeela atzera egitea. Horrekin guztiarekin jokatzen du izenburuak. Hala ere, uste dut ez dugula sobera ezkorrak izan behar. Gobernuak ez baldin badu hanka sartze handirik egiten, aldaketa egonkortu daiteke. Frogatu dute egin daitekeela, aurreko agintarien apokalipsiaren diskurtsoek ez zutela zentzurik, berez garaipen bat ere bada hori.
Liburuari Concha Dieguezen esaldi adierazgarri batekin ematen diozue hasiera: “Beti egokitu zaigu galtzaileen bandoan egotea”. Nor da Concha eta zergatik abiapuntu hau?
-J.S.: Esan dugun bezala, Nafarroan urte askoz baztertuak izan diren sektore asko badaude. Baztertutako horien ahots bat behar genuen.
-I.O.: Conchak 85 urte dauzka eta bere bizitza osoa eman du bere aitaren arrastoen bila. Ezkerrekoa, sindikalista eta gorria izateagatik baztertua izan da beti. Bere bizitza oso paradigmatikoa da zentzu askotan. Iruditu zitzaigun bere indarra oso esangura-tsua zela, bere istorio pertsonala kontatzean pertsona askoren istorioa kontatzen zuela. Hauteskundeak baino lehen aldaketaz hitz egiterakoan, askok euren aiton-amonetan pentsa-tzen zuten. Elkarrizketatuetako askok esan ziguten hori: Uxue Barkosek, Joseba Asironek... Guztiok dugu norbait gogoan, bere bizitza osoan aldaketaren alde borrokatu eta ikusteko bizi izan ez dena.
Lau indarren arteko hitzarmen programatikoa izan zen aldaketa politikoa ahalbidetu zuen faktore garrantzitsuenetako bat. Nola bizi izan zuten barrutik, hitzarmen horretan parte hartu zuten protagonistek?
-I.O.: Denentzat oso konplikatua izan zen eta baloratu behar den zerbait da. Gobernua bera baino, itun programatikoa izan da aldaketaren lorpen handiena. Gauza asko hitzarmenetik kanpo gelditu behar izan ziren lau indar horien arteko ezberdintasunengatik, besteak beste, Euskararen Legea bertan behera gelditu ez izana. Hala eta guztiz ere, dokumentu bezala oso interesgarria da egiten dituen aportazioengatik. Guk, beste jende askok bezala, aritmetikak gehiengoaren emaitza ematen bazuen aldaketa eginda zegoela pentsatu genuen. Baina ez, akordioa oso konplikatua izan zen, ez ematekotan ere egon zen.
-J.S.: Lau alderdiak kontziente ziren gizartearen presioaz, bultzada bertatik etorri zela uste dut. Azken batean, inork ez zuen huts egitearen arduradun bezala azaldu nahi. Aldaketa historikoa izan bada, une hartako eran-tzunkizuna ere historikoa izan zen. Zailtasunak egon zirela somatu genezakeen baina intraistorioa begira-tzekoan argi ikusten da benetan konplikatua izan zela. Euskal Herriko historian ez da horrelako akordiorik egon inoiz: lau indar dira baina lau horien atzean hiru koalizio eta indar berri bat daude, hamaika alderdi inguru denetara, bakoitza bere proiektu propioarekin. Horiek denak akordio batera iristea lorpen izugarria da.
Erran duzuen bezala, bazegoen presio bat atzetik...
-I.O.: Bai, eta bertigoa. Bertigoak baditu alde onak eta alde txarrak. Alde batetik, presio hori lepo aldean sentitzeak aurrera jarraitzera bultzatu zituen, inork ez zuen erantzule izan nahi. Baina bestetik, beldurrak eta hurrengo egunean eskuinak zer esango duen pentsatzeak, Diario de Navarra-k zer publikatuko duenari beldur izateak, blokeo egoerak sortu ditzake eta sortu ditu urtebete honetan.
Beraz, aldeko erregimenarekiko beldur hori oraindik badagoela errango zenukete?
-I.O.: Bai, gobernuz kanpotik jartzen dizkioten oztopoengatik eta barruko presioengatik aurrera egitea kosta-tzen zaio gobernu berriari. Eskema mentalak aldatzea zaila da.
-J.S.: Akordioa programatiko zaila izan da, eta ez bakarrik hitzartu zen unean. Urte honetan topatu dituzten errealitate desberdinek lau indarren arteko desadostasun batzuk agerian utzi ditu. Oposizio suhar bat izan dute aurrean eta, gainera, topatu duten errealitatea ulertzea oso zaila izan da, errealitatea bere ere oso zaila izan delako. Arazoz beteriko urtea izan da, aurrekoengandik jasotako ondareari egoera ekonomiko berez larria gehitu behar zaiolako. Hala ere, gutxi edo asko, urratsak ematen ari dira.
Aste honetako saioan, Gobernura iritsi zirenean aurkitu zuten egoera tamalgarriaz aritu zen Uxue Barkos. Aldaketak zama ugari ditu oraindik gainean?
-J.S.: Arlo ekonomikoan, batez ere. UPNren kudeatzaile onaren irudia, Nafarroa Arkadia zoriontsuaren irudi hori deuseztatu behar dute. Lehenengo atzeraldian, inbertsio publikoa erregimenaren alde erabili zutelako eta, bigarren atzeraldian, murrizketak medio Barcina erantzunik gabe gelditu zelako. Guzti horrekin batera, ondare politiko handi bat ere jaso du gobernu berriak. Orain erakusten ari dira Nafarroan beste batzuk ere gobernatu dezaketela, eta hobeto egin dezaketela. Ez da aldaketaren funtsa, baina hori erakusteak garrantzi politiko handia dauka.
Zeintzuk dira, etorkizuna begira, gobernuaren erronka nagusiak?
-I.O.: Erronka nagusia, nik uste, dagoen gehiengo hau egonkortzea da. Erregimenaren beso mediatikoak gehiegi ez dezala baldintzatu. Agenda marka-tzeko gaitasuna mantentzea ere garrantzitsua da, izan ere, aldaketaren alderdiek askotan oparitu diote aukera hori erregimenari lehenbiziko urte honetan. Alderantziz izan beharko luke, gobernuak konplejurik gabe jokatu beharko luke. Pixkanaka, erritmoa hartzen ari direla uste dut.
-J.S.: Etorkizuneko jokaldi politikoa eraikitzen ari dira. Erregimenak aurreko paradigmara itzuli nahi du eta aldaketako indarrek berria sortu baina, iragana, iragana da. Berria eraikitzea eta hori erregimenari irabaztea da erronka nagusia, egun politikoki prekarioa den gehiengo hori zabaltzea ekarriko baitu. Horri lotuta, agenda politikoaren erdian autogobernuaren defentsa jarri behar da, zentralizazio prozesuak hozkada handiak eragin dituelako.