DONOSTIA. Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren (EiTB) zuzendaria den Maite Iturbe eta bere lan-taldearengan konfiantza osoa erakutsi du gaur Cristina Uriartek, Hezkuntza eta Kultura saileko kontseilariak.
Aurreko ostiralean Iturbek Eusko Legebiltzarreko EiTBren kontrolerako batzordean parte hartu zuen, eta bertan oposizioko talde guztiek albistegien "doktrinamendu nazionalista" kritikatu zuten.
PSE-EEk, 2013ko martxoan Iturberen izendapena babestu zuen alderdia, bere dimisioa eskatu du, eta PPk hiru hilabeteko epea eman dio bere kudeaketa aldatzeko.
Gaur Eusko Legebiltzarreko Kontrol Plenoan UPyDko bozeramaileak, Gorka Maneiro, Euskal Irrati Telebistaren "informazio-manipulazioa" salatu du.
Uriartek, ordea, EiTB ez dagoela inolako ideologiaren zerbitzura adierazi du, adierazpen eta informazio askatasunaren printzipioan oinarritzen dela, inpartzial eta objektiboa dela, eta giza eskubideekin konprometitua dagoela.
Kazetari-lana beti perfektua ez dela eta batzuetan akatsak egiten direla aitortu du, baina onartu egiten direla eta ez errepikatzen saiatzen dela esan du.
Horrezgain, EiTBko profesionalek objektibitate, egiazkotasun eta inpartzialtasunez lan egiten dutela aipatu du, aniztasun politiko, sozial eta erlijiosoa kontuan hartuz eta balore demokratikoak defendatuz.