porrak amaitu eta gero hausnarketa egin beharra dago, bizi izandakoaren alde onak eta txarrak bereizteko. Egun libreak izatea eta horiek disfrutatu ahal izatea pribilegio bat da eta zentzu horretan ezin naiz kexatu. Baina, badakizue zer den oporretan joateko gauzarik onena? Batzuentzat errutinatik deskonektatu izan daiteke, beste batzuk bidaia bat egiteko aprobetxatzen dute eta gutako asko ezer ez egitearekin eta denboraren nozioa galtzearekin konformatzen gara. Hori guztia oso ondo dago eta argi dago oporraldiak onura asko dakartzala, baina nire iritziz, oporretan joateko gauzarik onena etxera itzultzea da. Etxea berriro sentitzea. Alabak iritzi berekoak dira. Are gehiago, kanpora irteten garen bakoitzean, haiek zoriontsuak dira eta momentuaz gozatzen dute inor ez bezala, hala ere, beti dago uneren bat non beraien etxea faltan botatzen duten. Horrela, askorentzat etsigarri izan daitekeena, gure etxean festa bat bezala bizi da. Izan ere, ez dago igerilekua duen herriko etxerik ezta itsasora begira dagoen apartamenturik gure etxeko gozotasuna gainditzen duenik. Alaben zoriontasuna sentitzen dut beraien logelarekin topo egiten dutenean, beraien ohean sartzen direnean edo jostailuekin berriak izango balira bezala jolasten direnean. Izenburuan aurreratzen nuen moduan, egia galanta da etxean bezala, inon ez.