asa den asteburuan lan egitea tokatu zitzaidan. Nire bikotekideak, ordea, bere familia ikusteko gogo handia zuen. Jada, hiru aste zihoan familia ikusi gabe. Pandemia garai hontan, eta gu gipuzkoarrak izanik, familia eta lagunak ikustearen falta sumatu dugu. Asko. Seguruenez, beraiek uste dutena baino gehiago. Larunbatean, nire bikoteak Gasteizekin zuen lotura bakarra nire lana zen, beraz, ni gabe joatea proposatu nion. Berak pozik onartu zuen proposamena eta gure alabarekin joan zen egun osorako. Bakarrik gelditu nintzen hirian. Bakarrik! Zer da hori? Hasieran triste jarri nintzen. Lana bukatu ondoren arratsalde guztia libre nuela konturatu nintzenean hutsune handia sentitu nuen, baina nire buruak segituan eman zion buelta. Bakarrik Sara! Azkenean! Niretzat denbora eskatzen hilabete batzuk pasa ditut eta hau zen behar nuen aukera. Nire lagun on bati deitu nion eta berehala egin genuen plana: bazkaldu, kubata batzuk hartu... Horrela, hainbeste denboraren ondoren, nirekin egin nuen topo eta hau da ondorioa: ez dut zuen falta sumatzeko beharrik, baina oso garrantzitsua da nor naizen gogoratzea, nire bizitzan borondatez aukeratu dudan amatasun paper hau berriro energia berrituarekin ekiteko.