Idazmahaia

48 egun

26.03.2021 | 00:33
Ruth Mtz. de San Vicente

orain dela urtebete, 48 egun igaro genituen etxean itxialdian, eta egoera sinestezin horren lehenengo urteurrenean hamaika oroitzapen datozkit burura. Askotarako eman zuten kalera atera ezineko egun horiek. Hamabost egunetarako aurreikusitako eskolen itxiera, gero hilabete bihurtu zen, eta azkenean agurra eman genion kurtsoari etxeko amantala eta pantuflak jantzita. Errutina bat irudikatzeko asmotan ordutegi bat antolatu genuen, sekulan bete ez genuena. Sasoian mantentzearren, edozein aitzakia bilatzen genuen trastelekura oinez igotzeko. Eta telelan eraginkorra egitea utopia hutsa zen umeekin etxean. Tristea bada ere, etxeko lau hormetatik irteteko bulegora joatea planik onena bihurtu zen, bost minutuko ibilbideaz gozatzeko. 2020: Supermerkatuko Odisea: gel hidroalkoholikoa eta bizkotxoak egiteko legamia aurkitzea. Igandero, beheko auzokideekin hartzen genuen bermuta, haiek 100 metro koadroko terraza batean, txirrista, kulunka eta baratzaz hornituta, eta gu, aldiz, 2 metro koadroko balkoi batean, trastez beteta. Inbidiak jota, itxialdiaren egun oro geure buruari galdetzen genion zergatik ez ote genuen lehenengo solairuko etxea erosi. Eta horrela igaro genituen bizitzako 48 egun surrealistenak.