ire alabari munduko galdera guztiak datozkio burura ohera sartzen denean. Psikoanalistaren dibanean balego bezala, ohean etzanda, sabaiari begira, berba egiteko gogoa pizten zaio, barnean dituen kezka guztiak azaltzekoa, eta konturatu naiz botatzen dituen gehienak galderak izaten direla. Aurrekoan, adibidez, galdetu zidan ea munduko pertsona guztiak familia berekoak garen. Zergatik galdetzen zidan esan nion, eta azaldu zidan gizakia sortu zenean familia bakarra sortu zela, beraz, denak gatozela familia beretik, zeozer garela. Lehengusuak edo. Arrazoia eman nion, ia beti bezala. Pentsatu nuen orduan zenbat galdera dituen alabak bere buruan, zenbat zalantza, zenbat ziurgabetasun. Zalantza horietatik, ziurgabetasun egoera horretatik, sortzen dira galderak. Helduei, aldiz, askotan galderak egitea ahazten zaigu, gauzak diren bezalakoak onartzen joateko joera dugu, gauzak zalan-tzan jartzeko beldurra bagenu bezala. Izan ere, nahiago izaten dugu erantzun potoloek ematen diguten babesa eta segurtasuna. Askotan, galderek beldurra ematen digute. Eta beldurrak eraginda, azkenean gauzen zergatiei buruz galdetzea ere ahaztu egiten zaigu. Pandemia hau, ordea, ziurgabetasunekin bizitzeko froga bat bihurtzen ari da. Hori da, agian, zailena. Hurrengo egunean, astean, hilabetean gauzak nola egongo diren jakin gabe, gaur eguneko erabakiak hartzen jarraitzen jakitea. Galderekin bizi-tzen jakitea, ziurgabetasunekin, zeure buruaren eta zeure munduaren ahulezia eta hauskortasuna kontuan izanda. Agian inoiz baino egoera egokiena da gure galderei mugarik ez jartzeko. Galdera potoloak mahai gainean jartzeko. Galdera berriak asmatzeko. Egoera askoren zergatiaz hausnartzeko eta bide berriak nola izan daitezkeen imajinatzeko. Agian psikoanalistaren dibanean bezala, ohean etzanda eta sabaira begira, beste mundu mota bat amesteko une egokiena da oraingoa. Agian garai egokiena da antsietatez erantzun berriak bilatzen ibili ordez, horren aurretik, galdera berriak egitekoa. Ume batek beldurrik eta aurreiritzirik gabe egoera honetan egingo lituzkeen galderen antzekoak.