Hoy quiero vivir sin darme cuenta, esaten du umezurtz geratu berri den Mafaldak bere istorio laburretako batean. Denok sentitu dugu inoiz behar hori. Munduan gertatzen diren injustizia guztiak une batez ahaztekoa, eragiten diguten kezka eta arduraren zama gainetik kentzekoa. Baina mundua hor dago, gure aurrean, gaixorik; hor doa, errenka, atezuan, berdintasun ezak itota. Eta Mafaldaren antzera, noizean behin mundua gelditu eta bertatik jaisteko eskaera egiteko gogoa izaten badugu ere, badakigu ez daukagula arazoei aurrez aurre begiratu eta haiek konpontzeko ahaleginak egitea beste erremediorik. Baina nola egin? Nola aldatu berdintasun eza etengabe sortu eta erreproduzitzen duen sistema bat? Nondik hasi poliki-poliki gauzak aldatzeko? Poliki-poliki aldatu al daitezke ala iraultza bat egin eta brastakoan aldatu behar da dena egun batetik bestera? ¿Por dónde hay que empujar a este país para llevarlo adelante?, galdetzen du Mafaldak, eta gure gizartean erabakiak hartzeko ardura dutenek suposatzen dut gauza bera galdetzen dietela euren buruei. Nondik heldu? Nondik hasi? Nola egin? Denok dakigu ez dagoela formula magikorik, erabaki bat dena aldatuko duenik. Baina erabaki bat hartu aurretik ba dago galdera bat erabaki horren benetako eraginkortasunaz pista bat eman ahal diguna. Erabaki honek izango al du eraginik hamar urte barru izango dugu gizartean, adibidez? Erabaki honek luzera begira gure gizartearen koordenadak aldatzen lagunduko al digu? Askotan epe laburrera begirako erabakiak hartu behar dira, urgenteak, gizartearen zauriak estaltzen joateko. Baina erabaki horiekin batera ez bada hartzen epe luzerako erabakirik, ez bada hartzen erabaki eraldatzailerik, zauria behin eta berriz irekiko da. Zer aldatzen du honek epe luzera? Hemendik hamar urtera eraginik izango al du hartzen dudan erabaki honek? Gizartean ardurak dituenak erabaki potolo bat hartu aurretik egin beharreko ezinbesteko galdera dela uste dut. Bestela, Mafaldak diona gertatuko zaigu behin eta berriz: Como siempre: lo urgente no deja tiempo para lo importante.