25 urte pasa dituk mundu honetatik bidali hindutenetik, bidali, gainera, geure herriari mesede egiten aritzearen uste lotsagarrian. Gaur (ia) denek bazekitet uste hura lotsagarria izan zela. Hik orduan ere bahekien. Behin eta berriz esanda ere, ez huen bizkarzain beharrik ikusten. Gizon onak besteek ere onetik dutena errazago ikusten dik nonbait okerretik izan dezaketena baino.
Nik gaur, Joxemai, 25 urte hauen ondoren gure herria nola ikusten dugun, gu bertan nola sentitzen garen azaldu nahi diat.
Hi galdu orduko hire bizitzak markatutako bideari jarraitzea izan huen Fundazioko partaide guztion helburua. Hortatik BIDETIK izena; baino hori baino ere lehenagoko arrazoi bat bazegoela uste izan diat beti: gure artean hintugula sentitu nahi genian, gurekin jarraitzen huala. Eta esan dezadan azkar: horretan izugarri lagundu ziguk hire izenean behin eta berriz bildu garen guztioi.
25 urte hauetan hire izeneko Bidetik Fundazioa sotil eta umila izan duk, baina hasiera hasieratik hire bizitzan ardatz izan ziren ikuspegiak beretzat ere ardatz izan zitezen izan dik helburu nagusia. eta horiek ingurura zabaltzea. Hik benetan heure hituen zenbait ikuspegi oinarrikoenetaz ari nauk: “Bizitzan laguntzea zorra da”; “inork ez dio bizitzari jaso duena baino gehiago ematen”; “Esker oneko izan behar da bizitzan, motiboak horretarako beti baitaude”. “Bizitzan gauzarik inportanteenak ikasi egiten dira; zintzoa izaten ere bai”. “Etxean, kalean eta lanean balio berdinekin jokatzen ikasi behar da”. “Maitasuna, errespetoa, esigentzia eta ahalegina elkarren osagarri ezinbesteko dira”. “Ekintzara ez daramaten hitzek ez dute balio”.
Esaldi hauek ederrak dituk benetan eta onartzen ere itxuraz errazak. Egiaz onartzen ez dituk errazak ez. Egungo bizitzan ohikoenak behintzat ez, inola ere. Eta ez dituk, nahiz eta gaurko gizakiok inoiz baino garbiago dakigun bide berriak asmatu behar gorrian gaudela, nahiz eta garbi izan deramagun bidetik ez dezakegula segi, nahiz eta bide egokiagotik gidatuko gaituzten buruzagien falta nabarmena sentitu. Falta sentitzen diagu bai, baina agertzen diren apurrei ez ziegu kasu gehiegirik egiten, edo zuzenean baztertu egiten dizkiagu. Begira zer gertatu zen hirekin.
Joxemai, egun munduan ez diagu egoera erraza bizi: gerrak normalizatu egin zaizkiguk eta hurbildu, armagintzan diru gehiago xahutzera jarri beharra omen diagu, naturaren errespetu ezinbestekoari dagokionean -hire denboran baino askozaz larriagoa duk arazoa- hitz hutsetara mugatzen gaituk oraindik behintzat, aurrerapen gero eta bizkorragoen aurrean lilurari kezka biltzen zaiok pentsatzen jarri orduko. Hire eskola ez duk nagusi munduan, ez.
Ez diagu ikasi nahi merkatuaren legea gizalegeari nagusitzen zaion bitartean etorkizun beltza daukagula, zientzia eta teknika gizakiaren -gizaki ororen- mesedetan bakarrik jartzea nahi duen jendea behar dugula. Gizabidea eta zientziaren bidea ez direla inola ere elkartu ezineko bi bide etsai. Teknikarena ere ez. Lanaren eta ahaleginaren xede bakarra ez daitekela dirua izan. Komunitateak eta identitateak kontu izugarriarekin aitortu behar direla, gizakion arteko ezberdinkeriak indartu gabe. Hitz batean, etika eta teknikak mundu osagarriak izan behar dutela.
Honetaz jabetzeak bakarrik egin gaitzakek hiritar egoki, aniztasunera eta solidaritatera irekitako arrazoizko gizaki, beste kulturetara errespetuz irekitako euskaldun.
Baina ez gaudek esperantza galtzeko prest. Inola ere ez. Hi inguruan ez haugunetik dena okerrago doanik ere ez diat esango. Euskal Herrian iada armak ez dituk nagusi. Bakea eskuratua edo diagu, eta egiazko bakea lantzen segitzeko gai izango garela uste diat. nahiz eta oraindik lehena behar bezala itxia ez daukatenak badauden. Bizikidetzan ere aurrera egingo dugun esperantza edukitzeko motiborik ez zaiguk falta. Fundazioan gu konbentzimendu horrekin aritu gaituk, beti garbi adieraziz biktimek jasan dituzten erasoak injustoak izan direla denak, hauek biktima lez ari direnean unibertsalki onargarria denaren mezulari izan behar dutela bakarrik.
Politikoki justifika daitekeen indarkeriarik ez daitekela onartu, gatazkak konpontzeko bide bakarra zintzotasunez eta zuhurtziaz jantzitako elkarrizketa dela. Eta hau ere bai, gure herriak apustu nagusia belaunaldi berrien heziketan daukala, hauek aniztasun zuzen, jator eta solidariora biltzeko ahaleginean, egitekoan.
Apustu horren kontzientzia garbia huan hik. Hori huan hire kezka nagusia. Adierazgarri horiek dituen gizakiaren bila henbilen beti, lanean bezala aisia denboran. Horren jakitun, guk, geure txikian, indar guztia horretara zuzendu diagu. Kirolean eta lanean. Kirolean, hik hainbat maite hituen Zumaian eta txirrindularitzan beti ere talde lana eta solidaritza bultzatuz eta sarituz; lanari dagokionean, berriz, hasieratik Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeekin harremanetan jarri eta hauei, gure gazteek etika eta teknika lotzen ikas zezaten zenbait proiektu garatzeko laguntzak eskainiz.
BIDETIK Fundazioak, 25 urteak betetzean, egin zezakeena nahiko ondo egin duela pentsatzen diat eta bere egiteko nagusia bete duela. Hire bizitzaren ikuspegia zabaltzen gure indar guztiak jarri ditugula. Hori horrela, abuztu honetan hire familikoekin Arroako hilerrian bilduz, bukaera emango zioagu hire ohorezko Fundazioari.
Gazteen heziketaren kezka eta egitekoak, baina, hor jarraitzen duelako gure -hire- fundusa Gipuzkoako Aldundiaren esku jarri diagu diru horrekin Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikasleentzat urtero bi beka bidera ditzan. Erabaki honetan hire oniritzia daukagula bazekiagu ondo.
Pozez idatzi ditudan azken lerro hauekin ez diat adierazi nahi hire hilketa ez zela alferrikakoa izan eta ezer horrelakorik. Doilorkeria oro kaltegarria duk beti. Indarkeria, egun eta hemen, beste arrazoirik ez duenaren bidea duk. Ze, herriaren alde ez dik odola eta bizia eman behar, bizi egin behar dik ingurukoentzat mesederako gertatzeko moduan. Hik halaxe egin huen.
Hauxe azkenik, Joxemai, Fundazioari bukaera ematerakoan jakin ezak, hirekin dugun lotura eta hire ikuspegien argira bizitzen segitzeko dugun gogoa bizi garen artean mantenduko dugula.
Aio eta mila esker, lagun bihotzeko.