Síguenos en redes sociales:

Bijotzean Lauaxeta

Gaur lako egun batean, 1905.ko Abuztuaren 3an jaio zen Esteban Urkiaga (Lauaxeta), Euskal Herriko poetarik handienetarikoa. Laukizen jaio eta lau urte bete zituenean, Mungiarantz bizitzera joan zen familia. Antza, lau haizetara isolatua zegoen baserrira joan zen familia eta etxearen egoeragatik jarri omen zion osaba abade batek “Lau haizetara” izena, dinost Jon Kortazarrek. Esteban idazten hasi zenean, “Lauaxeta” ezizena erabiliko zuen, baserriaren izenaren laburpenetik hartu omen zuen izenordea.

Mungiako eskolan lehen ikasketak eta Lasterrera, Durangoko Jesuiten ikastetxean, gero Loiolan burutu izango zituen bere ikasketak. Ez zuen ahazteko ez, bere amak esandakoa, “Esteban ez ahaztu nor zaren ezta nondik zatozen”. Eta beti izango zuen gogoan, norbere izatea bizitza osoan daramagula eta nondik gatozen jakinez, geroaren sustatzailea izan behar dugula. Nortasunari eusteko, hizkuntzari bizia eta indarra ematea zela egin beharreko hautaketa. Berau ohartaraziz, abertzaletasunaren giroan murgilduko zen eta euskararik gabe Euskal Herria, erdal herria bihurtuko zela jakinaraziko zigun.

Idazle ona izateko norbere bizibidearen ikaskuntzan, irakurle amorratua izan behar dela diote, eta gertuko maixu onak izatea beti dela on; besteak beste, Jokin Zaitegi aipatzen du Loiolan zegoenean, euskal kulturaren bide oparoan sartu zuelako berak. Eta jakin badakigu, Euskal poesiaren berritzailea izan zela.

Lauaxetak, bere biziaro guztian, olerkiak izan zituen lagungiro, eta lagun zeuzkan: Orixe, Aitzol, Lizardi… poeta goraipatsuak; Europako olerkari entzutetsuen itzultzaile lanetan ere ihardun zuen. Idazkeran, bere bertsoen edertasuna iragarriz, frantsez poeta zen Baudelaireren antzekotasuna ere nabari da olerkietan. Europan erabiltzen ziren idatz-moldeak bereganatuz eta Euskal olekigintzara erakarriz. Honetan, ondo aztertu eta sakondu du Lauaxetaren lana Jon Kortazar idazle eta kritikoak.

Jose Ariztimuño-Aitzolek-, “Euskaltzaleak” erakundea sortu zuen eta Euskal olerkarien eguna ospatuz, olerkarien txapelketa antolatuko zuten. Lauaxetak gazterik erakusten du olerkari handien maila, Errenderin, 1930.urtean “Euskaltzaleak” eratutako olerki txapelketan, Orixe eta Lizardi aurkeztu ziren besteak beste eta Lauzkiko poeta atera zen irabazle. “Maitale kutuna” izenburuarekin.

“Iñoiz ikusi bako maitale kutuna /

Neure opa samurrok laztanduten dabe / Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna/

eta bere larrosak usainduten nabe”.

1931. urtean “Bide Barriak” argitalpenean, bistan da, Irudimen ederreko poeta baten aurrean gaudela, maitasuna du ardatz eta lerden, eta edertasunaren bilakeran, bihotz barrenetik sortutako poema esanguratsuak dira bertan eskainitakoak.

1973an Iruñatik Luis Arostegi karmeldarrak aztertutako “Lauaxetaren Poesi-gunetarantz” idazkian, zera dio: “Poesiak sinboloagaz dauka ze-ikusi. Baña hau olan adituta: poetak izate edo gertakizun baten zer bat ikus-sentitzen dau, eta itzetan berantzat eta besteentzat adierazi nai”.

“Arrats beran” poema eleak plazaratuko ditu 1935.urtean eta bazirudien, lasterrera zetorrenaren ikuskera aurreratzen digula; Lauaxeta, zoritxarreko geroaren igarle edo aintzindari…“Espetxetuarena” “Aberri amaren negarra neugana yatork mendietatik” edota, “Medigoixaliarena” bere poemarik ezagunetarikoa:

“Mendi eze, ikurrin eder, aske nai zaitut axian. /

Amar gazteren lerdena makila luzez bidian! /

Mendi-bitxidor berdiok, arin or dua kantari; /

Dana emon biar yako maite dan askatasunari”.

1935. Urtarrilean Bilbora etorri zen Lorca olerkaria eta honako hau idazten dio:

“Carta a Federico Garcia Lorca 21 de enero de 1935. Hotel Torrontegui Bilbao.

Sr. Don Federico García Lorca, distinguido poeta: He intentado varias veces, sin lograrlo, una breve entrevista con Ud. con el mas vivo deseo de obtener su autorización para traducir al vasco algunas de sus poesías. Presentes en mi, sus ocupaciones, no quiero robarle mas tiempo. Le dejo ejemplo de misiones, para que pueda admirar algunas de sus canciones puestas en gracia y amor del idioma mas venerable de Europa. Me fuera grato declamárselas para que gustara de la música de este milenario idioma. Con mi respecto y profunda simpatía le envío, un pequeño presente para tan excelso artista. Mi libro de poesías no ajenas a su influencia. Muy a sus ordenes le subrayo mi admiración afectísimo su servidor.

Esteban de Urkiaga”.

Eta, beraien ele galantekin liluratu gaituzte bi poetek, justizia eta askatasunaren ezaugarri bihurtu zitzaizkigun bi olerkariek gertakizun latzena bizi izango zuten. Biziaroan, beti euren nortasuna ageriz, gogoz jardungo zuten askatasunaren defentsan eta herio latza biena.

Espainiako gerra hasiz batera, Lauaxeta, Orixek zuzentzen zuen Euzkadi egunkariko euskararen ataleko zuzendari izendatu zuten eta euskal gudarosteko intendentziako komandante. Gernika bonbardeatu eta pare bat egunera, hau da, 1937ko Apirilaren 29an, Gernikara joan zen itzultzaile gisa, La Petite Girondeko gerra korrespontsal frantsesari Kondor Legioak egindako bonbardaketaren ondorioak erakustera.

Tropa frankistek ezustean harrapatuko zuten eta kartzela bihurtua zeukaten Gasteizko Karmeldarren konbentura eramango zuten, une latza bizi beharko zuen, lasterrera hogeita hamaika urte besterik ez zeuzkanean afusilatuko zuten Gasteizko hilerriko hormetan.

Ezagunak ditugu erailgo zuten aurreko olerki mingotsak:

“Agur ene Herri, Jaunak naroa Aberri eder argira /

neure negarrak jario naukan zeure mendiari begira. /

Seme bat zeukan baina etsaiak kendu eutsoen biotza /

soin ederra ixuri jakon maietz bateko goiz otsa”.

Eta Azken Oyua:

“Goiz eder onetan erail bear nabe /

txindor baten txintak gozotan naukela? /

El naiten leyora begiok intz gabe./

Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela: /

or egazkin-egak odei-lapur doaz. /

Azkatasun atsak betiko bil zagiz! /

Antxe makur zaite, oi buru neurea, /

geure lur amaren besarte gozoan! /

Eta anai maiteok, eutsi burrukari /

iñoiz ilgo eztan euzkoen amari”.

Gure memorian eta bihotzean betirako geratzen zaigu utzi zuen aztarna. Eta bere bizia eta poema berritzaile eder esanguratsuak askatasunaren ikur bihurtu zaizkigu.