Aurrekoetan nion lez, aita, Inosen, 1915-I-16an jaio zen Donostian, 98 urterekin hil. Urte luzetan izkutuan idatzi eta ongi gordetako zirriborrotutako gogoeta ugari, baita filofia kutsukoak ere, eta ideia multzoz osaturiko, eta ondoren aurkitutako hainbat orrialde, maitasun osoz, garbitu, eguneratu eta biotzez txukundu eta paratu ondoren zatika argitaratzen ditut, gaur azkena delarik. Gudari izandakoa Saseta Batailoian bere bi anaiekin batera. Espetxeak ezagutu zituena luzaroan, euskal “erresistentzian” aritutakoa, gizon argia, autodidakta, jakituna serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, idazle bikaina, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Bere hainbat orrialdek Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Egan literatura aldizkarian aspalditxo argia ikusi zuten. Beste batzuk saltoka dabilzkit etxean zehar bere destinoaren zain betiere. Bedi bada, hauxe da, irakurle gustiz estimatua, azken zatia, eskerrik asko buhotzez honeraino iristeagatik:
Valentin Puigek gizakiaren, izaki humanoaren natura ez-perfektua onartzera deitzen du. Gurutzada erredentzio zaleak benetan krudelkeriak gertatu dira, gizagabetasuna erakarri dute. XX. mendeko historia zoritxarrekoa izan da, dakigunez. Hainbat arrazoik lagundu dute horretarako. Horien artean dago ere perfekziorako grina. Izan ere, sekula ez mende honetan bezala izaki humanoa saiatua da sozietate ideala sortu nahian, gizarte adiskidetua eta ez zatitua eraikitzeko, salbazio soziala lortzeko xedearekin. Kimera horien emaitza ezaguna da, gauza jakina, totalitarismoak. Horrekin batera, noski, milioika hildakoen odolak gorritu zuen kontinente europarra, XX. mendea bihurturik heriotza pila erraldoia, megaheriotza krudela. Erantzuna bakarra da: onartu behar dela humanoen izaera akastuna.
Garen bezalakoak garela, eta ezetz esaten eta errepikatzen duten ideologiak gezurtiak direla eta gezurraren amak. Izan behar dugun hori, behar bezalakoak izan behar hori ez da ideologien eta politiken zeregina, gutxiago terrorismoaren kontua, ez da aginduzko obligazioa, oso besterik baizik. Hori da errealitatea, horren aurrean makurtu behar da burua. Bat-bateko aldakuntzak aholkatzen dituztenak, hots, era batera edo bestera biolentzia saldu nahi digutenek hondamendira eraman nahi gaituzte erredentzioaren izenean edo aitzakian. Inork ez dezala negarrik jo etorkizun perfektu amestuengatik. Onar dezagun behar beharrezkoa ez den mundua. Erabil ditzagun beste moduak gauzak hobetzeko eta gaitzak sendatzeko. Ez, mesedez, mirarizko langailuak, ez ametsezko sistemak, ez alferkeriaren bidezidorrak. Ibilian egiten dira bide onak, ahaleginean, esfortzuan, nekean. Demokrazia konfiantzan datza. Gaur egungo arazoa da leize handia, amildegi itzela dagoela hautagaien promesen eta geroko politiken artean.
Ez da gezur kontua, baizik konturatzea politikak gaitasun murriztua, urritua daukala mundua aldatzeko eta erabat zuzentzeko. Dena mundu guztiari prometatzea behar diren errekurtsoez jabetu gabe ere gaiztoa da. Horrek esan nahi al du politika ahula dela? Ez, politikak asko lezake. Baina liderren eginkizuna bestelakotu beharra dago. Ez da beren lana prometatzea. Beren alorra da esplikatzea egingarria dena eta egingarria ez dena. Pedagogia gaitasuna derrigorrezkoa gertatzen da gai horietan. Eta borondate kontua. Politikariek borondatea nahitaezkoa dute mugimenduaren aurrean txukun ibiltzeko, eta ez mugimenduaren atzean joateko.
Italian bizi izandako Goethek zioen: jardutea, jokatzea, gauza erraza da. Pentsatzea zaila da. Baina aritzea norberak sinisten duenez are eta. zailagoa. Esnarazi jendearengan borondate erreal bat eta horizonte politiko zabal bat munduko mailan pentsatzeko. Ez zukeen inoiz pentsatuko nire aitak bere hainbat idea egunkari batean argitaratuak izango zirenik. Bizitzaren txirinbueltak gauzatu ditu bere gogoeta, idatzi multzo, eta desioak. Eskerrikasko aita. Ziur naiz, zauden tokian zaudela lasai irakurri dituzula lerro hauek amaren ondoan, han, hor, hurbil, gertu, urrun, aparte, eternitatea deritzon punttu horretan, non eta denbora eta espazioa bat egiten diren leku misteriotsu horretan. Ikusi arte aita. Zure gogoetak gaurkotasun guztiz bizia izan dute nire bihotzean. Argitasuna gogoan izan dut. Ikuspuntua ikuspuntu, primeran aita. Profeta eta legea, zuk zeuk esaten zenuen bezala. Semea, ni neu, harro zetaz. Guztiz. Bedi ba…Badatoz mezuak: iraganekoa, orain aldikoa, etorkizunekoa, nahiak, asmoak, xedeak, premiak, eskaini guztiei leiho ederrak. Ez naizela soilik zordun nire inguruko gizaki, izaki humanoekiko bakarrik. Multzo handiago batekiko, nire antzeko guztiekiko baizik. Lehengo eta oraingo eta geroko jende guztiekin, hainbestek, anitzek osotutarikoekin alegia. Desira gogoa da, nahia da, zeruan bilatzea falta den izar hura bezalaxe.
Gaston Bachelacek zioen bezala: “Bizitza gar berezi bat da. Baina... garra zer da? Bizitza bat”. Teilhard de Chardin: “Igotzen den guztia bateratzera doa”. Telletxea Idigoras: “Dena egiteko dago”. Boff: “Jainkoak batu zituena, beregatiko kezka eta gure –guztienbeharrengatiko kezka, inork ez lituzke banandu behar. Baztertuak batik bat, behartsuak, sufritzen dutenak, zorigaiztokoak...”. Gobernu europar gehienentzat balio du harako hark: “Esadak zertaz harro hagoen eta esango diat zer ez haizen”. Galdu baita on-izatearen eta ongizatearen iparra. Herritarren txartela haizeak darabil: jadanik ez du nahi, honezkero ez dago, oraindik ez daki. Dena kezka eta duda. Istilu orokorra. Gure produktibitatea, lehiakortasuna, atzerapen teknologia. Epe laburra. Epe ertaina. Epe luzea. Zorteak, agian lagunduko digu. Nork daki! Politika ongi ulertuak asmo kontraesanezkoei koherentzia ematea ahalbidetzen digu. Hori gabe bizitza pasatzen zaigu gure lantxoen katigu, gure denborari uztartuak, gure existentzia neurtu ezinean. Elkartasunaren beharra dugu. Iragana, oraina, geroa elkartu. Gurea eta besteena elkartu. Politika sakona elkarbidea izan dadila.
Absurdoa dabil oraingo produkziotan. Horri John Kenneth Galbraithek zorrozki deitzen dio “Behartsuak ahazteko artea”. Oraingo eszenan joera nagusia gertatzen dena. Faltsukeria ezarria dago, eta da uste izatea jende gehienak, aginpidea duenak, kultura eta pentsamenduaren arloan, zuzentasunarekin leial jokatzen duela behekoen interesen gainean. Roosevelten hitz jokoa da hauxe: “Beldurtu behar duguna da beldurra”. Gobernatzea ez da soilki egite ofizialetan agertzea, zorionak ematea, hitzaldi harroak eskaintzea. Gobernatzea da makina publikoa ongi koipe-tuta beti edukitzea, etengabeko lan isila, batik bat apala, lurraldeko sektore denekin egoki komunikatua, eta guztien gain berehala bertaratzea errekurtso nahitakoez hornitua zoritxarra sufritu duen lekura. Gauzak egin behar dira, bai, baina ez jendeagatik, jendearekin baizik. Estatuaren ereduak zerikusi zuzena du lehentasun politikoekin. Auzia da txirotasun larria mundutik erauztea lehentasun bat den ala ez den. Demokrazia ez da bakarrik hiru botereak ezarraraztea, Montesquieuk aztertzen zuenez, hots, legegilea, eragilea, judiziala, baizik batik bat, giro itxaropena, elkar akordio sentitu bat, hala moduzko batasun oinarrizko bat hiritarren artean.
Bikain aita, egia esan ez nuen inoiz sekulan pentsatuko horrelako gaitasuna zenuenik etorkizuna hain aurrez aurre ikus ahal izateko. Saiatu naiz nire aldetik txukun eta zuzen zureak zirenak irakurleen begi bistan uzten. Milesker guztiagatik, zuri, eta Egan-i. Amaiera.