Atzo auto batek harrapatu ninduen. Egunero bezala, bizikletaz nindoan lanera eta halako batean, errepide bat gurutzatzeko bizikletentzako argi berdea piztu eta nik aurrera egin bezain pronto, auto bat etorri zitzaidan gainera. Lurrera bota ninduen bizikleta eta guzti eta eskerrak garaiz geldiarazi zuela autoa, nik segundo batean neure burua autoaren azpian ikusi nuen eta. Ondo nago, baina minduta. Ez bakarrik belaunean hazi zaidan koskorragatik, baita ere beste behin sentitu dudalako edozein lekutan zaudela, handiak beti agintzen duela txikiaren aurrean, eta handiak txikia ez mintzeko neurriak hartu beharrean, beti dela txikia adi egon behar duena. Sekulako autoa zen, BMW altu horietako bat, eta esan behar dut handik atera zen gizona nitaz arduratu zela eta telefonoa eskatu zidala gero deitzeko. Baina hor dago ernegu hori, amorru hori, oinez doana izan behar delako beti bere burua zaintzen ibili behar duena zebra-bide bat zeharkatzean, bizikletan doana izan behar duelako beti adi ego behar duena autoen artean, auto txikian zoazenean kamioien mugimenduek agintzen dutelako… Egoera zaurgarrienean dagoenak hartu behar ditu neurriak beti. Indartsuak edo botereak duenak ez du zertan kezkatu behar, besteek egingo dute alde batera edo zainduko dute euren burua. Hala, emakume bat etxera gauez bueltatzen ari denean, bera da erasotzaile posible baten aurrean neurriak hartu behar dituena; hizkuntza txiki batek beti egon behar du adi hizkuntza handien gosearen aurrean; herri pobrea herri aberatsaren neurri, erabaki eta mugimenduen zain egongo da beti… Ez dut gauza bat kontatu. Eta inportantea da. Ziurrenez lerro hauek idazteko behar nuen pizgarria izan delako. Ez dut esan autotik atera zen gizonak, agurtzean esan zidala: Bueno, espero que estés bien, chiquita. 54 urteko emakumeari. Chiquita. Eta orduan ohartu nintzen bere begien aurrean, bere auto handiaren aurrean, nire buruak eta nire bizikletak islatzen zuten txikitasunaz.