euskaltzaindiaren arabera, euskalduna hitzak euskaraz dakien pertsona bati egiten dio erreferentzia, euskaraz egiten duenari. Ez du aipatzen nola lortzen duen, baina puntu horretara iristeko, gauza guztietan bezala, bide asko daude. Batzuek etxean ikasi dute beren ama hizkuntza izanik, beste batzuek ikastolan eta beste hainbatek bizitza osoa daramate ikasten, lehenik ikastetxean eta geroago, heldutan, euskaltegietan, barnetegietan, mintzalagun programan... Esan dezagun denetarik probatu dutela eta kasurik onenean tituluak atera dituztela, baina ez dira inoiz erabat prestatuta sentitzera iristen. Sentimendu hori ezin hobeto azaltzen du Amaia Bono artista gasteiztarrak Belarriprest ikuskizunean. Izan ere, duela gutxi egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, urte asko ikasten eman ondoren, oraindik ere beldur handia sentitzen du euskaraz hitz egitean. Horrela, obra honen bidez, oso egokia iruditu zaidan eta identifikatuta sentitu naizen figura bat aldarrikatzen du. Euskaldunak daude, erdaldunak daude, eta gero gu, akastunak, esaten du antzezleak. Hori da: akastunak. Mugatuta ikusten dugu geure burua, hitz egiteko erraztasunik gabe, hitz jariorik gabe… baina aldi berean badakigu zer den esfortzua, zer den konstantzia eta batez ere, zer den gure hizkuntzarekiko maitasuna.
- Multimedia
- Servicios
- Participación