Olioaren prezioaren igoerak harritzen gaituen gaia izaten jarraitzen duenez, aitortu behar dizuet uda honetan Europa iparraldeko hiri batean oporretan egon nintzenean nik ere argazki bat atera niola supermerkatuko oliba-olio birjinaren botilari, amari bidaltzeko. Han olioa hemen baino garestiagoa zela erakutsi nahi nion, nahiz eta aldea dezente murriztu den beste urteekin alderatuta. Logikoa zen: Han, Herbehereetan zehazki, bizi-maila altuagoa izanik, olioaren prezioa hemengoa baino altuagoa da. Ez nekiena da praktika hori modan jartzen ari dela sare sozialetako erabiltzaile askoren artean. Izan ere, azken egunotan ikusi dugu zerbait ez datorrela bat prezioen igoera eskandalagarri honekin. Irlandan (gutxieneko soldata 1.800 euro ingurukoa da) Carlos izeneko tiktoker batek litro bateko olio botila bat bost eurora iristen ez dela egiaztatu zuen, eta hemen (likido horren munduko ekoizlerik nagusia) ez dugu 8 euro baino gutxiagogatik aurkitzen. Galdera argi dago: lehortea ala espekulazioa? Edo biak? Bitartean, badira prezio merkeagoen bila muga zeharkatu dutenak; supermerkatuek, berriz, botilak alarmatzea erabaki dute, eta hurrengoa, zer izango da? Urre likidoak inoiz baino hobeto egiten dio ohore bere izenari.
- Multimedia
- Servicios
- Participación