ovid-19aren pandemiak distantziara egindako lana suspertu du halabeharrean, eta bere baitan telelana. Pandemiak eragindako unerik gogorrenetan telelanak lan egiten jarraitzea ahalbidetu du eta langileek diru-sarrerei eustea. Konparazio baterako, Estatistikako Institutu Nazionalaren ariora, alarma-egoera aldarrikatu ostean, telelana baliatu zuten enpresen kopurua %48,8koa izan zen, aurretiaz enpresen %14,8ak baino ez zuenean baliatzen. Aurten enpresen %45,5ak baliatuko duela aurreikusi da.
Orain lana antolatzeko modu berritzaile gisa azaltzen da. Malgutasuna omen dakarkio langileari, norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzeko. Lan-munduak behar ei duen ekologia-trantsiziorako ere zeharo aproposa dela diote. Hala ere, telelanak baditu alde ilunak.
Alde ilun horietako asko lan-arriskuen prebentzioaren ingurukoak dira. Bada, arrisku psikosozial eta ergonomikoez gain, aintzat hartu behar dira lantokiarekin zerikusi zuzena duten arriskuak, hots, agente mekaniko eta fiskoek eragindakoak. Zehatzago, berebiziko garrantzia dute, agente psikosozialek sortutako arrisku gisa, teknoestresaren aldaera desberdinek, hala nola, teknoantsietateak, teknonekeak, teknoadikzioak eta teknofobiak.
Halaber, kontuan hartu beharreko inguruabarrak dira lanaldia, ordutegia, laneko ekipamenduen ezaugarriak, laneko prozedura zein metodoak, eta telelangile izan nahi dutenen ezaugarri pertsonalak.
Sarritan, langilearen ardurapean uzten dira enpresaburuari dagozkion eginkizunak prebentzio-jarduera gauzatze aldera. Hurrean ere, egoitzaren bortxaezintasuna aitzakia hartuta, gehienetan, langilearen esku uzten da arriskuak ebaluatzeko ardura nagusia. Aitzitik, posible izan beharko litzateke prebentzioaren arloan enpresan eskumenak dituztenek lantokia bisitatu ahal izatea, aldez aurretik enpresa-akordio bidez araututako protokoloa oinarri hartuta. Bada, ezinezkoa da langileek euren kabuz ebaluazio hori behar bezala egitea, baldin eta gai horretan behar besteko formakuntzarik ez badute.
Behin arriskuak ebaluatuta, telelangileak informatu beharko lirateke, hala denean, hartu beharreko neurrien gainean. Informazio horren berri eman beharko litzaieke langileen ordezkariei ere.
Prebentzio-neurri gisa, enpresaburuak kontuan hartu beharko luke telelangile moduan lan egin nahi duen pertsonaren gaitasuna, telelangileen esku jarri beharko lituzke behar bezalako lan-ekipamendu eta babesgailuak, telelangileek jasan dezaketen isolamendua saihesteko neurriak hartu beharko lituzke, bermatu beharko lituzke lanaldia behar bezala erregistratzeko eta deskonexio digitalerako eskubideak, bai eta gutxieneko interkonexio-aldiak lanaldian izatea ere.
Haatik, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ez da jaso inolako aipamenik telelanaren inguruan.
Dena den, telelana nonahi hedatzearen ondorioz, aurretiaz zegoen arauketa eskasa edo urria zela adierazi eta, bat-batean, arau ugari sortu da. Bada, nahiz eta telelana lana antolatzeko modu bat baino ez izan, sortu den arau-mataza horrek eragin du telelangile desberdinak berezi behar izatea, eta horiei begira lan-baldintza desberdinak.
Printzipioz, iraganeko bereizketa oinarri, inorentzako langileen telelana eta Administrazio Publikoetako langileena bereizi dira. Halatan, beren-beregi sortu dira kolektibo horientzako bi arau, hurrenez hurren, 28/2020 Errege lege-dekretua eta 29/2020 Errege Lege-dekretua.
Horrela, 28/2020 Errege Lege-dekretuari helduz gero, laster ohartuko gara beraren aplikazio-esparrutik at geratuko direla telelanean 3 hilabeteko erreferentzia-aldian lanaldi osoaren %30 baino gutxiago dihardutenak, edo, lanaldi murritzagoa izanez gero, horren proportzioari dagokion denbora baino gutxiago. Salbuespenez, baliteke hitzarmen kolektibo bidez erreferentzia-aldi hori eta ehuneko horiek txikiagoak izatea. Baina kasu horretan ere, baldintzok betetzen ez dituzten telelangileak babesik gabe geratuko dira.
Bestalde, 29/2020 Errege Lege-dekretuak oinarrizko esparru arauemailea ezarri du Administrazio Publiko ororentzat. Ezarri dituen gutxieneko arauak ez dira mugatzen familiaren eta laneko bizitza uztartzeari. Aitzitik, haratago doaz eta lanaldiaren arauketari lotzen zaizkio, berau antolatzeko moduari hain justu.
Bi Errege Lege-dekretu horiez landa, badira arau horiek garatu edota zehaztu ohi dituzten hitzarmen kolektiboak eta Administrazio Publikoen zein Sektore Publiko Instrumentala eratzen duten antolakundeen arauak.
Alabaina, kontuan hartu behar da pandemiaren kontra borrokatzeko aldarrikatutako 8/2020 Errege Lege-dekretuak ere telelanaren bi modalitate arautu zituela, nahiz eta gaur egun horiek indarrean ez izan.
Batetik, 2020ko irailaren 21era arte telelana lehenetsi zen pandemiari aurre egiteko araututako ERTE modalitate bereziei begira. Horrek berarekin ekarri zuen derrigorreko telelana. Bestela esanda, aurrez aurreko zerbitzu gisa kalifikatutako jardueretatik kanpo, jarduera pribatu zein publikoetan lanean jarraitu ahal izateko milaka langilek, goizetik gauera, telelangile bihurtu behar izan zuten. Haatik, prebentzio-arloan langileen esku utzitako autoebaluazioa baino ez zen aurreikusi, langileen formakuntzarik eza gorabehera. Horrek babes falta ekarri zuen.
Ondorio hori gogorarazi behar da 28/2020 eta 29/2020 Errege Lege-dekretuek derrigorreko telelanari ateak zabalik uzten dizkiotelako, nahiz eta erregela orokorra alderdien arteko borondatearen aldekoa izan. Gainera, hitzarmen kolektibo batzuek dagoeneko aurreikusi dute salbuespen kasuetarako derrigorreko telelana.
Bestetik, aurtengo maiatzaren 31ra arte Mecuida Planaren baitan lanaldia egokitzeko eskubidea arautu zen, lan-prestazioa gauzatzeko modua aldaraziz, adibidez, telelanaren bidez. Bigarren modalitate hori lotu zitzaion norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzeari, baina pandemia hedatzeko hartutako neurrien testuingurura mugaturik. Gainera, inorentzako langileentzako baino ez zen arautu. Horrela, telelan-mota hori baliatu ahal izateko, langileek zaintza-eginkizunak frogatu behar izan zituzten, dela ezkontide edo izatezko bikoteari begira, dela odol bidezko bigarren gradurainoko senideei begira. Halaber, zaintza horren arrazoiak mugatuta zeuden, batik bat, inguruabar pertsonal batzuengatik (adina, gaixotasuna edo desgaitasuna) eta pandemia borrokatzeko Administrazio Publikoek hartutako neurri batzuengatik (ikastetxeak ixtea, zaintza-eginkizunak betetzen dituzten zentroak ixtea, aipatu pertsonak zaintzeaz arduratzen ziren pertsonek ardura horrekin jarraitzerik ez izatea).
Orobat, Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluan bere horretan jarraitzen du 2019ko eraldaketaz geroztik jasotako eskubidea, familiaren eta laneko bizitza uztartzea eragingarri egitekoa. Horrela, eskubide horren bidez langileei aitortu zaie lan-prestazioa gauzatzeko moduan egokitzapenak eskatzeko aukera, konparazio baterako, telelanean aritzeko eskakizuna eginez.
Zehatzago, artikulu horrek araututako telelanari dagokionez, berriro familiako kideen zaintza-arrazoietan oinarritutako telelana da kontuan hartu beharrekoa. Egia esan, artikulu horrek seme-alabek hamabi urte bete arteko zaintza baino ez du aipatu. Baina, 2019/1158 Zuzentarauaren ildotik, ulertu behar da hurrengoak ere barne hartzen dituela: telelana eskatzen duen langilearen aita, ama, ezkontidea edo izatezko bikotea. Dena den, legegileak negoziazio kolektiboaren esku utzi du telelanean aritzeko eskubidea zer-nola egikaritu behar den zehazteko ardura. Eta negoziazio kolektiboan halakorik jaso ezean, langileak eta enpresaburuak 30 egun izango dituzte egikaritza horren inguruan negoziatzeko. Bestela esanda, 34.8 artikuluak ez du aitortu telelanean aritzeko eskubide automatikorik. Lan-kontratuaren bi alderdien arteko adostasuna behar da. Edozein kasutan, enpresaburuak idatziz erantzun beharko dio, telelanean aritzeari baiezkoa emanez, alternatibaren bat aurkeztuz ala langilearen eskabidea ukatuz, betiere, arrazoi objektiboak alegatuta. Azken buruan, sor daitezkeen gatazkak auzitegietan ebatzi beharko dira.
Ildo beretik, 8/2020 Errege Lege-dekretuaz geroztik, Langileen Estatutuaren 37.8 artikuluak genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima-izaera dutenei ahalbidetu die euren lana oso-osoan edo modu partzialean distantziara lan egitea, euren babesa edo erabateko gizarte-laguntza izateko eskubidea eragingarri bihurtzeko. Baina genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima-izaera dutenek zehaztu beharko dute telelanean aritzeko eskubidea nola egikaritu, hitzarmen kolektiboek ezar dezaketena errespetatuz.
Nolanahi ere, Langileen Estatutuaren 34.8 eta 37.8 artikuluek jasotako telelan-motak, printzipioz, 28/2020 Errege Lege-dekretuak jasotako arauketatik kanpo geratzen dira, salbu eta azken arau horren aplikazio-esparrura biltzeko moduko baldintzak betetzen dituztenean. Beraz, halakoetan, bi arauketa izango dira aintzat hartzekoak, kasuen arabera: alderdiek itundukoa edo 28/2020 Errege Lege-dekretuak ezarritakoa.
Laburbilduz, telelanaren arauketak izan ditzakeen alde ilunei gehitu behar zaie arauketa desberdinek telelangileen artean sorrarazten dituzten desberdintasunak.
* Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea