50urte egiten du aurten 1954tik 1962rat iraun zuen Aljeriako gerla hura bururatu zela. Holland lehendakaria harat joan da. Ezer izan ez balitz bezala egin dezake? Ezin uka zuzenkontrako gerla izan zela, Frantzia eskutan zeukaten politikeroxka zenbaitek saldado gazte gaizo batzuei egin arazia. Hala nola, besteak beste, frantsesak omen zirelarik, 9 milioi arabeek 15 deputatu zituzten Parisko legebiltzarrean, ehunez goiti izan beharko zituzketeelarik! Gerla zikina dakizuen bezala. Gerla guziak zikinak direla? Hau, berezia izan zen alde horretarik. Marokako mugatik hurbil nintzen. Dotzena erdi bat mendixketan finkatu soldadoen eta kolonelaren arteko mezuak eskutan izaten nituen
Hona bat goiz batez: Anbuzkada; 6 hil eta bi kolpatu. Handik eta bizpahiru oren, beste hau: Hamabost bat dudazko garbituak. Kolonelaren eskutan eman nuelarik erran zidan. Hamabost bat! Zenbat da? 14 ala 16? Ez dakite 15 arte kondatzen ala? Gainera, dudazkoak ez dira hiltzen! Handik eta zenbait egun ikusi nuen haien sukaldaria. Lagunak hilak ikusi eta, eroatuak, ondoko herriskara joan zitukan eta ikusi guziak garbitu. Zenbat horrelako ez da gertatu ? Egoera gogorragoan batzutan, gertatu da lagunak aurkitzea barabilak eta zakila mozturik, ahoan emanak. Egon naiz gogoeta behin baino gehiagotan. Zer eginen nuen han izan banintz? Eta seminario handiko laugarren urtean nintzen.
Han zirenetan ainitzak aldiz, behin ere ez ziren beren herritik ateraiak ordu arte. Gogoan daukat Hoztako gazte bat. Izan zuen armadarako deia. Lehen aldia bere herritik jalgitzen zela, oinez egin zituen erregebiderateko bost kilometroak autobusa hartzeko. Bunuzeko bidekurutzerat heldu eta, so eskuin, so ezker, harriturik gelditu zen. Zer munduaren zabala! Joan egun batez Hoztara eta ulertuko duzue. Uste duzue mutiko hori gai zela sartuko zuten ifernuari buru egiteko?
Gorago aipatua, hasarre gorrian egin zuten, beroan bero, lagunak mendekatzeko. Bainan zenbat krima, hotzean eginak! Beste behin izan nuen mezu hau: Lehergailu bat aurkitu tokian bi postala uzteko baimena eskatazen dizut. Kolonelak: Ez da horrelakorik idazten! Alabainan papertxo hori han dago nonbait artxiboetan, gertatu denaren lekuko ezin ukatua. Han ere banuen lagun bat. Ikusi nuelarik erran zidan Dotzena erdi bat preso hartu eta lehergailuaren tokian tiroz garbitu ditie. Ez zuten bada haiek emana lehergailua, preso zirenaz gain.
1957an Aljer hirian izan zen sei hilabete iraun zuen guduka: la bataille d'Alger. Denen buru, gero jeneral izanen zen Aussaresses. 45 urteren buruan, bere oroitzapen-liburua idatzi du. Idazten du nola konduak egin zituzten guduka bururatzean. Oraino kartzelan zeudenen edo libratuak izan zirenen artean, 3.043ko diferentzia. 3.043 erailak sei hilabetez, Aljer hirian berean. Ainitzak torturapean. Eta hori erraten, den mendreneko urriki ttipienik gabe. Ez zuten ustegabetarik igorria Aljerat. Liburu berean kondatzen du hau ere. Philippeville aldean 500 aljeriar hil zituzten haren gizonek, felaga ala ez. Buldozer batekin 200 metro luzeko ziloa egin zuen, hilak han botatzeko. 200 metroko hilhobia! Hor ere ez dauka urrikizko hitz izpirik ere.
Duela mende erdi bat gertatuak horiek denak. Eta beste zenbat! Orai ahantzi behar direnak geroari begiratzeko. Errazue uste duzuela. Izigarriko gaurkotasuna daukate. Abendoko 5ean, garai haietako gerlari ohiak bilduak zirela gerlaren bukaera ohoratzeko, auzitan ziren Parisen, Frantziako kolonel bat, axuant bat eta bi soldado. Baizik eta gaixtagin handia zela, tiroz zauritua bildua zuten beltz bat, tankearen barnean sartu, esku eta oinak lotu, plaztikozko zaku bat emanik burutik behera, ito dute! Bolikostan. Berek erabakirik. Duela 50 urte Aljerian eginen zuten bezala bezala. Libre sartu dira auzitegian eta libre atera. Parisen eta ez Bolikostan. Egun beretan Aurore Martin Espainiako presondegi batetan sartua dute. Madrilen jujatua izanen da. XXI. mendeko Frantzian, prenstaurreko bat egitea, beltz edo arabe bat tortura pean erailtzea baino bekatu handiagoa da.
Nork erran du lehenagoko kontuak direla horiek? Gaurko moralak lehenagokoaren muga berberak ditu.