Ikaragarria izan da Arabako Foru Aldundiak Iruña Veleia hiri historikoaren ondarea suntsitzeko hasitako bidea. Eskabadora sartu eta 150 cm-raino atera dute lurra, nahiz eta 50 cm-tatik ez zirela pasatuko esan. Leku batzuetan zeuden egituren zoruraino sartu dute pala mekanikoa, harlauzak apurtuz eta horiek begi bistan utziz. Hau da, zoruaren gainean leudekeen objektu, zeramika eta gauza guztiak suntsitu egin dituzte eremu zabal eta handi batean.

Eremu horretan bertan, Eliseo Gilen taldekoek euskarazko ostraka batzuk, abezedario bat eta beste hainbat objektu garrantzitsu topatu zituzten. Eta justu, hortxe, eremu oso horretan, bertan, etxe askotako egiturak zeudela jakinda (Eliseok agindutako airetiko argazkietan ikusten zen argi eta garbi), garbiketa etnikoa, barkartu, "garbiketa arkeologikoa" egin dute.

Bazekiten hortxe, indusketak eginez gero, ostraka gehiago atera litekeela eta, hori gerta ez dadin, hartu beharreko neurriak hartu dituzte.

Oraingo kudeatzaileek ederto erakutsi digute haien indusketa sistema berria.

Beraren bidez, ziur ez dela euskarazko ostraka gehiagorik agertuko, ez latinezkorik, ez pitxar edo beste tresna gehiagorik, ezertxo ere ez, harlauzetaraino eskabadorarekin eta kitto. Eta lur guztia zuzen isurtegira.

Sistema arina, garbia eta, garrantzitsuena, Aldundiko batzordeak esandakoa berresteko balio duen bakarra.

Horregatik egin dute, uda garaian, kontra egiteko inor gutxi dagoenean.

Lehengo proba da, ea jendeak zer esaten duen. Kontra jartzen ez bagara, gauza bera egingo dute eremu guztian. Haientzat Iruña Veleia harri multzo bat baino ez da izan behar, unibertsitatean irakasten denaren kontra joan litekeena suntsitu eta kitto. Gora Galileoren heriotz zigorren aldekoak!

Gure kultura nola suntsitzen ari diren ikusteak negargura ematen du, nortzuk eta EA, EHU eta EAJ. PPk egin ez zuena, abertzaleek egin dute. Nik... tren honetatik jaitsi nahi dut.

Julio Nuñez arkeologiaren mertzenarioa, Lorena Lopez de la Calle, EA alderdiak euskal kulturaren alde egin duen guztia (Martin Ugalde Egunkariaren alde egindakoa gogoratzen duzue?) pikutara bidali duena, eta noski, Xabier Agirre, suntsipen honen babesle nagusia... Espero dudan bakarra historiak merezi duzuen lekuan jarriko zaituztela.

Xabi Larrabe Etxabe